Kepa Junkera Eskoriatzan izango da gaur

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko uzt. 19a, 18:00

Orain 35 urte ekin zion, Kepa Junkerak (Bilbo, 1965) autodidakta moduan, trikitiari erabat lotutako ibilbide oparoari. Harez gero, 20 disko argitaratuta eta trikitiaren nazioarteko erreferente bilakatuta, hastapenetako ilusioarekin eta energiarekin jarraitzen duela dio, musikari eta pertsona moduan unerik onena bizi duela gaineratuz. Gaur, egubakoitza, Eskoriatzako Santa Marina plazan izango da, 22:30etan, Errekan Gora egitarauaren barruan. Taularen gainean, Jose Luis Canal piano-jolea eta Iñigo Olazabal, perkusionista izango ditu lagun.

Ondo ezagutzen ditu debagoieneko plazak, garai baten sarritan etortzen zen gure herri zein auzoetako erromeriatan jotzera. Errekaldekoarentzako ibar berezia da debagoiena, trikitiarekiko maitasun handia dagoela eta orokorrean, kulturarekiko estimu handia erakusten duela dio. Junkerak gurean lagun asko dituela dio: "bestela ezagutuko ez nukeen jendea ezagutzeko garraiobidea izan dut trikitia".

Energia handiko kontzertua

Musika instrumentala nagusi, azken hamabost urtetan konposatutako kantuekin osatuko du gaurko errepertorioa. Kontzertu askea dela dio Junkerak: "Inprobisazio eta sormen une asko ditu. Gidoia ez dago guztiz itxita. Dagoen giroaren edo ikusleengandik jasotzen ditudan sentzazioen arabera moldatzen joaten naiz. Kantuen ordena ere, kontzertua hasi baino ordu erdi lehenago egiten dut. Lekua nolakoa den ikustea gustatzen zait. Kontzertuan zehar ere aldatzeko ohitura dut".

Etengabeko aldaketa horietara segituan moldatzeko aparteko musikariak dituela dio Junkerak:  "Jose Luis Canal pianista, ezagutzen dudan musiko kultuenetakoa da, musika klasikoan eta jazzean formazioa duena. Edozein estilotara moldagarria den musikaria da". Hainbat diskotan elkarrekin lan egindakoak dira. Iñigo Olazabal ere, aspaldiko ezaguna du; bere estiloagokoa dela dio: "Formazio autodidaktagokoa da. Sekulako musika abilezia du; alboka, txalaparta,bateria, pandereta, gitarra, baxua... denetik jotzen du".

Bi musikari horiekin abaniko zabala duela dio: "Saiatzen naiz asko dakien jendea inguruan izaten; horrek, batetik, babesa  ematen dit baina, era berean, nire burua gehiago esfortzatzera behartzen nau etengabe bide berriak urratzera bultzatuz".

Udazkenean disko berria

Musikariaren agendak ez du etenik urte osoan, ezta udan ere;  Eskoriatzakoaren biharamunean, Kataluniara abiatuko da, esateko. Hiru seme-alaba ditu baina, eta horregatik eurekin egon ahal izateko, uztaila eta abuztua lasaiago hartzen saiatzen da. "Gustatzen zait noiz edo noiz nirekin eramatea, euren aitak egiten duena bertatik bertara ikus dezaten eta, era berean, gure kulturak kanpoan duen harrera ere ezagutzeko aukera izan dezaten"esan du.

Une berean fronte asko zabalik izaten dituela aitortzen du; hori horrela, udazkenean kaleratuko duen diskoaren azkeneko ukituekin ere badabil egunotan. "Galiziari egin nahi diodan omenaldia da. Txalaparta eta trikitia oinarri hartuta, kantu galegoak batzen ditu. Proiektu erraldoia da, Galiziako 200 musikaritik gora hartu dute parte. Gaur eguneko egoera, ez da orain urte batzuetako besteko ona, baina ahal dudan arte, gustatzen zaidana egiten jarraituko dut".

Jon Sarasua Kepa Junkeraz

Bat bertsotan eta besteak trikitia eskuetan zuela,  ezagutu genuen elkar.  Oskorriren kolaboratzaile ere izan ginen biok, eta Junkeraren pare bat diskotarako hainbat kantu egin nizkion gero: Bera, Espetxea, eta Arrapaladan, horien artean.  Junkerak, berriz, trikitia jotzen erakutsi eta soinu txiki bat ere oparitu zidan.
Keparen pasioa dut gogoan. Urte batzuetan arrakastarik izan ez bazuen ere, izugarri sinesten zuen egiten zuen lan bakoitzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak