"Argindarraren edo uraren fakturetan nola aurreztu azalduko diegu herritarrei"

Mirian Biteri 2013ko eka. 6a, 13:39

Eguaztenean, hilak 12, Nola aurreztu dirua zure etxeko fakturetan hitzaldia eskainiko du Ibarraundin energiari buruzko praktikak egiten dabilen Eider Roa arrasatearrak. Datozen lerroetan hainbat gomendio eman dizkigu.

Zein da Ibarraundin eskainiko duzun hitzaldiaren mamia?
Berbaldia bi zatitan egongo da banatuta: batetik, birgaitze energetikoaren bueltan dauden aukerak aztertuko ditugu; energia kontsumoa murriztu aldera, etxea zelan birgai dezakegun zehaztuko dugu. Eta bestetik, energia kontsumoa aurrezteko etxean har ditzakegun ohiturak azalduko ditugu; bereziki, argindarrarekin eta urarekin lotuta daude horiek. Bi hitzordu daude: 18:30ean gazteleraz izango da berbaldia eta 19:30ean, euskaraz.

Elektrizitateari dagokionez, zer-nolako aholkuak emango dituzu?
Betikoak dira eta ezagutzen ditugu, baina askotan ez ditugu aplikatzen: esaterako, gelatik irteterakoan argia itzaltzea, baina fluoreszentea baldin bada eta kanpoan hamar minutu baino gutxiago egon behar baldin badugu, ez itzaltzea. Bestetik, stand by moduan dauden aparailu guztiak itzaltzea, janaria epel sartzea hozkailuan eta kontsumo txikiko bonbillak erabiltzea.

Eta urarekin lotutakoak?
Horiek ere ezagunak dira: hortzak eta eskuak garbitzerakoan txorrota ixtea edo txorrotendako erreduktoreak erabiltzea, bestea askoren artean.

Bestalde, etxea birgaitzeko asmoa baldin badaukagu, zeintzuk dira sistema eraginkorrenak?
Batetik, neurri isolatzaileak daude: hain justu, fatxadetan isolamendu termikoa jartzea, leihoak aldatzea eta zorua isolatzea. Bestetik, instalakuntzari begira, energia sistemak daude, galdara eraginkorrak jarrita. Biomasa, esaterako, modan dago orain; egun, berokuntzan asko gastatzen dugu, eta biomasarekin, gastua nabarmen murriztearekin batera, CO2 ere gutxitzen dugu.

Hitzaldiarekin batera, herritarrei zuzendutako zerbitzu berriari hasiera emango diozue, ezta?
Bai, hala da; kanpaina berria jarriko dugu martxan. Askotariko kezkak argitzen saiatuko gara: esaterako, etxea birgaitu gura duena museora etor daiteke eta dauzkan aukerak azalduko dizkiogu eta kostua nondik nora joan daitekeen jakinaraziko diogu. Horren gaineko dirulaguntzen berri ere emango diogu. Horrez gain, faktura oso handiak dituztenei nondik aurrez dezaketen azalduko diegu. Astelehenetik egubakoitzera emango dugu zerbitzua: astelehen, eguen eta egubakoitzean goizez egongo naiz eta gainerakoetan, arratsaldez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak