Eskoriatzako Kale Nagusia oinezko eta bizikletentzako mugatzearen proiektuak ia 24.000 euroko diru-laguntza jasoko du

Ander Larrañaga 2013ko eka. 3a, 19:28

Gipuzkoako Foru Aldundiak bidegorrien udal sarea garatzeko laguntzak eman ditu. Foru agindu bidez, 250.000 euroko diru-laguntza onartu du Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako departamentuak  2013ko diru-laguntzen deialdiaren barruan. Laguntza jasoko duten herrietako bat debagoiendarra da: Eskoriatzak 23.941,71 euroko diru-laguntza jasoko du Kale Nagusia oinezko eta bizikletentzako mugatzeko asmoz, nahiz eta eskaeraren aurrekontua 49.878,57 eurokoa izan.

Eskoriatzaz gain, beste zazpi udalek jasoko dute laguntza herrietako bidegorri sarea osatzen joateko: Zizurkil, Zarautz, Villabona, Eskoriatza, Ordizia, Hernani, Beasain eta Donostia. Gipuzkoako foru sarea osatzeaz gain, herri barruko sareak osatzea mugikortasun iraunkorrean aurrera egitea da Aldundiarentzat.

25 udalek aurkeztu zituzten eskaerak eta horietatik zortziri eman zaie diru-laguntza. Finkatutako kreditu erabilgarria agortu arterainoko laguntzak eman dira puntuaketa bidez hurrenkera osatuta.  250.000 euroko laguntza zen guztira, eta diru-laguntza deialdiko oinarrien arabera, gehienez, aurrekontuaren %60 edo 75.000 euroko topea jaso zezaketen.

Bizikleta, autoaren ordez

Bidegorriak eguneroko mugikortasunari begira elementu garrantzitsua direla uste du Aldundiak, eta ildo horretan, Gipuzkoako bidegorri sarea osatzeko pausoak ematen ari da ahal den neurrian. Aipatutako diru-laguntzak udalek ere bere sarea osa dezaten lagungarri dira. Modu honetara herrian bertan autoaren alternatiba bihur daiteke bizikleta,  bizikletaz mugitzeko aukerak gero eta ugariagoak direlako. Udal sareaz harantzago, foru sarea osatzeko ere pausoak eman ditu Aldundiak.

Aldundiak mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua egiten du, eta bidegorriak aisialdirako ez-ezik, eguneroko mugikortasunerako baliabide garrantzitsua direla dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak