Dirulaguntzak eta etxe kaleratzeak Eskoriatzako osoko bilkuran

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko mai. 29a, 18:44

Maiatzeko ohiko osoko bilkura egin zuten atzo Eskoriatzan. Besteen artean, garapen bidean dauden herrialdeekiko lankidetza programa eta dirulaguntzak berreskuratu zituzten hainbat urtetan etenda egon ostean. Gainera, etxe kaleratzeez ere egin zuten berba.

Atzo iluntzean egin zuten Eskoriatzan maiatzeko ohiko osoko bilkura. Gai ugari eduki zituzten esku artean; horietariko bat, garapen bidean dauden herrialdeekiko lankidetza programa eta dirulaguntzak emateko oinarriak onartu zituzten aho batez.

Lehen ere ematen zuen Eskoriatzako udalak laguntza hori, baina udaletxearen egoera ekonomikoak laguntza etetea ekarri zuen. Azken bi urteetan hobera egin du egoerak eta horregatik jarri dute berriz ere martxan. "Zenbait urtetan ezin izan dugu eskaini, egoera ekonomikoagatik. Zorionez berreskuratu egin dugu, eta erabaki dugu arduratsu jokatzea laguntzekin. Ez bakarrik Eskoriatzari dagokionez, mundua handia baita; beste batzuek guk baino behar handiagoak dituztela badakigu. Gure ahalmenaren arabera laguntzatxo bat atera dugu –5.000 euro ingurukoa".

Etxe kaleratzeez

Maiatzeko osoko bilkuran landutako beste gaietariko batek etxe kaleratzeak izan zituen oinarri. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak sinatutako hitzarmenari atxikimendua adierazi zion Udalak. Udaletan etxe kaleratzeen aurrean laguntzeko eta aholkatzeko protokoloek zenbait hutsune zituztela ikusita sortu zen hitzermena.

Herceren esanetan, askoz hobeto definitzen da etxe kaleratzeen aurrean nola jokatu. "Hitzarmenera atxikitzeak udal eta gizarte zerbitzuetatik segitu beharreko protokolo zehatzagoen berri dugu. Irtenbide puntuala barik, integrala izan dadila bilatzen dugu".

Udal ordezkarien gehiengoak baiezkoa bozkatu arren, hitzarmenak izan ditzakeen hutsuneen gaineko kritikak ere azaldu ziren. Hala, Udalak bere gain hartu zuen hobetu beharko liratekeen atalak jaso eta Gipuzkoako Foru Aldundira igortzeko betebeharra.

Lau mozio aurkeztu eta onartuta

Atzoko bilkuran hainbat mozio aurkeztu eta onartu zituzten. Ezker Anitzak esaterako, hezkuntza kalitatea hobetzeko lege organikoaren proiektuaren aurkakoa aurkeztu zuen. Bestalde, PSE-EE alderdiak ere Gesto por la Paz elkarteari egindako lana aitortzeko eta eskertzeko mozioa aurrera atera zen.

Eskoriatzako Zero Zaborreko ordezkariak ere bertaratu ziren osoko bilkurara, eta eragindako kalteen aitortza egin eta konpromiso etikoa eskatzen zuen testua irakurrita, baiezko boto gehiagorekin irten zen aurrera.

Azkenik, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak aurkeztutakoa irakurri eta onartu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak