Birziklatzearen Nazioarteko Eguna izan zen barikuan, maiatzak 17, eta Eskoriatza Garbia plataformak herritarrak plazara deitzeko eta "birziklatzeko gura duten sistema bosgarren edukiontzia" dela esateko baliatu zuen aukera. Plataformako kideek garbi utzi nahi izan zuten, hori bai, ez zela protesta ekimen bat izan, aldarrikapen ekimen bat baizik.
Hiru eguneko gai organikoekin plazara
Plataformatik egindako deiari erantzunez, 60 bat pertsona joan ziren Herriko Plazara azken hiru egunetan etxean batutako gai organikoak eramatera; eta poltsa horietako batzuk, pisatu ahala, bosgarren edukiontzira bota zituzten, eta beste batzuk atez ateko bilketarako zintzilikarioan eskegi. Eurek egin zituzten bosgarren edukiontzia nahiz zintzilikarioa, bien arteko aldeak erakusteko helburuarekin: "Bosgarren edukiontzia garbiagoa eta handiagoa da; aldiz, zintzilikarioek toki gehiago behar dute, zaborra bistan geratzen da eta zikinagoa da".
Ekimenak izandako harrerarekin "pozik" azaldu ziren plataformako kideak, "jendea erakartzea zaila dela eta euria egiten zuela kontuan izanik".
Bosgarrena eta, ahal bada, azkena
Barikuko ekintza plataformak aurtengo urtean aurrera eraman duen bosgarrena izan zen; 2013 urtean 13 ekintza burutzea zen hasierako asmoa, baina euren itxaropena da gainontzeko zortziak egin beharrik ez izatea: "Gipuzkoan gertatzen ari denaren harira, Eskoriatzako Udalak iritzia aldatzeko itxaropena dugu eta espero dugu datorren urtea baino lehen bosgarren edukiontzia izatea herrian".