Jon Darpon: "Osakidetzan murrizketak egon direla esatea ez da bidezkoa eta erreala"

Ubane Madera 2013ko mai. 11a, 02:00

Jon Darponek, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, hitzaldia egin du asteon Eskoriatzako batzokian. Haren bisita aprobetxatu, eta guztiondako horren garrantzitsua den osasun zerbitzuaren gainean galdetu diogu. 

Iragarrita duzu aurtengo legealdian zerbitzu bera aurrekontu txikiagoarekin eman beharko duela Osakidetzak. Zela lortzen da hori? 

Eusko Jaurlaritzak planteatu du aurrekontu proiektuaren herena Osasun Sailera bideratzea, Euskadiko osasun sistema publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa dela zaintzeko. Horixe da Urkulluk eman digun agindu nagusia eta hori izan behar da legealdiko gure helburua. Horrek, baita ere, esan gura du ahalegin handia egin behar dugula Osakidetzan enplegu publikoa mantentzeko. Osakidetzan murrizketak izan direla esatea ez da ez bidezkoa eta ezta erreala ere. Aurrekontua txikitzeak (%4) eragina izango du, batez ere, ezinbestekoak ez diren azpiegitura berrietan eta txikitzea espero dugun gastu farmazeutikoan. 

Sindikatuek, oraingoz, atzera bota dute lantaldearen jarduna handitzeko proposamena…

Gure helburua izan da eta da sindikatuekin elkarrizketarako ahalegin etengabekoa mantentzea. Badakigu gure langileei ahalegin handia egiteko eskatzen gabiltzala, baina langile publikoak ezin dira Euskadiko errealitate sozial, ekonomiko eta laboraletik kanpo geratu. Arduratsuak izan behar dugu. Epe jakin baterako ahalegina eskatzen diegu, administrazio publikoan lanean ez dabiltzan gainontzeko euskal langileak egiten dabiltzan bera. 

Orain arte dirua errazegi gastatu da Osakidetzan, ala?

Sekula ez dugu errazegi gastatu. Beti kudeatu dira baliabide publikoak arduraz. Orain, ahalegin handiagoa egiten segitu behar dugu posible bada; zuzendariak gutxitu, hobeto erosi, azpiegituren bikoizketa saihesteko… formulak aurkituz. Horixe egingo genuela esan genuen eta horixe egiten dihardugu. Arduraz gastatuko dugu, zerbitzu publikoa babestuz. 

Zein da, beraz, helarazi beharreko mezua?

Helburu nagusia da euskal osasun zerbitzuak publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa izaten segitzea. Osakidetzak maiatzaren 19an 30 urte beteko ditu euskaldunon zerbitzura, eta orain arte lortutakoa euskal autogobernuaren, erakundeen, Osakidetzaren eta, oro har, euskal gizartearen lorpena da. Osakidetza beti izan da kalitatezko zerbitzua eta datozen urteotan hala izaten segituko du. Herrialde honetako bizilagunekiko gure konpromisoa da hori. Urte asko daramatzagu Osakidetza kudeatzen, eta ez dugu pribatizatu, bere kalitatean eta sistema publiko izaeran sinesten dugulako. Ez dut uste orain ezer erakutsi behar dugunik, gure ibilbideak guztia erakusten du.

Ibarrean hasita daude ahots kritikoak esanez Osakidetzako murrizketek eragin negatiboa izan dutela zerbitzuetan: larrialdietan, itxaron zerrenda luzeagoak, pediatrarik eza…

Benetan, uste dut ospitale desberdinak ezagutzen ditugula, ezen datuek kontrakoa esaten baitute. Eta Debagoineko Ospitalean arreta jasotzen duten pertsonek egunero ikusten dute hori ez dela horrela. Debagoienean eta Euskadiko gainontzeko herri edo bailaretan ematen den larrialdietako arretak ona izaten segitzen du. Edozein zerbitzutan moduan, badaude momentuak larrialdiek gainezka egin dezaketela, askok erabiltzen dituztelako, eta barkatu, baina pertsonok ez gara joaten arreta txarra ematen diguten lekuetara, beraz… Azken datuen arabera, ebakuntzetan, adibidez, bi egunean gutxitu dira itxaron zerrendak. Arrazoizko mugetan daude, osasun sistema publikoan itxaron zerrenda ezin da hutsa izan. Utz egidazu argitzen, baita ere, pediatrarik eza herri askotan dugun arazoa dela, beste barik, 800 umeko pediatra bakarra dugulako, munduko herrialde gutxitan gertatzen den moduan. Gure arreta pediatrikoa kalitate gorenekoa da. Egia da Osakidetzako langileei lan handiagoa eskatzen gabiltzala puntualki, Euskadiko milaka eta milaka langile egiten dabiltzan moduan. Beharrezko diren ordezkapenak egiten segituko dugu, eta beharrezkoak ez direnak, ez, edozein enpresatan moduan. Argi dago guztia hobe daitekeela, baina Osakidetzak eta gure langileek ematen duten zerbitzua ona da. Pentsatzen dut mundu guztia murrizketak izan ez daitezen kezkatuta badago, izango dela uste dugulako zerbitzu ona dugula eta ez dugula txartzerik nahi. 

Hala ere, badaude puntu batzuk oraindik ez daudela argi; kopagoarena, esateko… Zein puntutan dago? 

Jaurlaritzak sarri errepikatu du ez gaudela kopagoarekin ados. Ez dela beharrezkoa, ez dela une egokia, ez dela irtenbidea eta gustatuko litzaigukeela ez aplikatzea. Dena den, Konstituzionalaren legeak derrigortu egiten gaitu, eta Estatuko gainontzeko ia leku guztietan orain dela urtebete funtzionatzen dabilen arren, gu izango gara neurria abiaraziko duen azken erkidegoa. Kopagoa aplikatuko dugu gure sistema informatikoak eta farmazietakoak herritarrei ahalik eta eragozpenik txikiena eragiteko gertu daudenean, eta Gobernuak pentsatzen duenean une egokia dela.  

Etorkizunerako "arazoetako" bat da herritarren zahartzea. Aurre egiteko moduan gaude?

Osasun Sailaren lehentasunezko bost puntuetako bat da kronizitate, zahartzaro eta dependentziaren estrategia. Badakigu mendekotasuna duten eta nagusien beharrak desberdinak direla; horrexegatik onartu egin behar dugu osasun sistema eta baita babes sozialerakoa ere. Pertsona horiei zerbitzu egokia emateko gertu egon behar dugu, seguru aski gehien merezi dutenak dira. Urteak daramatzagu zentzu horretan lanean eta sakondu egingo dugu estrategia berri horretan.

Esango zenuke Euskadiren ikurretako bat dela Osakidetza?

Gehiago esango nuke: Osakidetza euskaldunen DNAn dago egun, eta ez dut uste Osakidetza bako Euskadirik ulertzeko gauza izango ginenik. Osasun arreta ez dago euskaldunon arazo nagusienen artean, gure gizarteak irtenbide ona aurkitu du eta irtenbidea Osakidetzarekin etorri da.   

Gure ibarrean aldaketa handia izan da Lagun Arokoak osasun publikoak bere gain hartzea, eta horrekin lotuta zalantzak egon ere bazeuden. Zela txertatu da hori Osakidetzan?

Lagun Aro gure gain hartu behar izan genuen Estatuak gizarte segurantzarekin kolaboratzen zuten enpresen erregimenarekin bukatu egin zuelako; Lagun Aro erregimen orokorrera pasa zen orduan. Bide batez, erregimen ona, euskaldunon gehienona. Hasieran zalantzak eragin zituen gaiak, baina uste dut gaur egun Osakidetzan arreta ona jasotzen dutela. 

Besterik gura baduzu gaineratu…

Gustatuko litzaidake gipuzkoarrei mezu positiboa helarazi Onkologikoarekin lanean dihardugulako Gipuzkoari onkologia zerbitzu osoa, bakarra eta kalitatezkoa eskaini ahal izateko. Herri askotan errezeta elektronikoa ezartzen gabiltza, zerbitzu erosoago eta seguruagoa emateko, eta espero dugu urte bukaerarako Gipuzkoako herri guztietan gauzatuko dela. Gure lurraldean suizidioak eta depresioa prebenitzeko proiektu pilotu batean dihardugu lanean. Biodonostia babesten segitu behar dugu, ikertzen segitu dezaten. Gure profesionalen artean euskalduntzeko bigarren plana abiarazi behar dugu, euskara egunerokoan normal erabil dezaten. Osabide, informazio kliniko bakarra, euskaraz ere eskaintzeko inbertitu behar dugu…azken batean Gipuzkoan eta Euskadin, orokorrean, Osakidetzak zerbitzu ona ematearen alde lanean segituko dugu.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak