Eskoriatzako Garbiaren esku-orrian zazpi arrazoi ematen ziren atez atekoaren kontra eta bosgarren edukiontziaren alde egoteko: garbia delako; sistema dagoeneko ezarrita eta amortizatuta dagoelako, eta bakarrik 5. edukiontzia jarri behar delako; gaikako bilketaren maila altua lortzen delako; zaborra jasotzeko gehiago ordaindu behar ez delako; eskoriatzarren ohiturekin bat datorrelako; intimitatea errespetatzen duelako; eta bigarren mailako hiritarrik sortzen ez duelako. Azken horren harira, diote elizateetan ez dela atez atekoa jarriko. Bestalde, 5. edukiontziarekin gaikako bilketaren %70ra iritsi daitezkeela aipatzen da esku orri horretan; horren harira, Antzuola eta Eskoriatzako gaur egungo sistemaren konparazioa egiten dute.
Eskoitza Zero Zabor taldekoek "datu ofizialetan" oinarritutako erantzuna gertatu dutela azaldu dute. Taulen bidez adierazi dute Gipuzkoan, bosgarren edukiontzia martxan duten herrien artean, bakar bat ere ez dela gaika hondakinen %40a biltzera iristen, eta atez atekoa martxan jarri den Gipuzkoako herrietan, ostera, gaikako bilketak %80a gainditu duela. Debagoienan martxan dauden bilketa sistema desberdinen emaitzak ere aztertu dituzte: hain justu, Eskoriatzako lau edukiontziak, Aretxabaletako bosgarren edukiontzia eta Antzuolako atez atekoa.
Arlo ekonomikoari dagokionez, honakoa dio esku orriak: "Kostuari buruzko kalkulu sinplistek kontrakoa esaten badute ere, atez ateko sistema bost edukiontzien sistema baino bideragarriagoa da ekonomikoki. Atez atekoaren bilketa bera garestiaqoa da langile gehiago behar direlako, baina gaika biltzen den eta birziklatzera eramaten diren hondakinen kantitatea asko igotzen da eta horrekin diru irabaziak lortzen dira. Azkenik, birzikla ezina den hondarraren tratamendu gastua asko murrizten da atez atekoarekin. Hiru faktore hauek kontuan hartuta, azken emaitza argia da: atez atekoa sistema merkeagoa da".
Azkenik, errauskagailua eta atez atekoaren arteko konparaketa egiten dute. Lehenengoak osasun, ingurumen eta ekonomian duen eragina aztertzeaz gain, errauskagailuaren eraikitzea "inposizioa" dela gaineratzen da Eskoitza Zero Zaborrek banatutako esku orrian.