Entrenamendu mentala izeneko ikastaroak ematen dituzu. Ze helburu dute ikastaro horiek?
Nire bizitza hobetzen lagundu didaten teknikak eta informazioa zabaltzea dute helburu. Zoriontsu izateko bideak bakoitzaren barruan ditugula erakutsi gura dut, bakoitzaren barrenak askatu eta elkar-partekatuta. Tailerretatik ateratzen duten ondorioa da bakoitzak duela bere bizitza gidatu eta antolatzeko eskumena. Nik lortu dut buelta ematea eta zoriontsu naiz orain.
Nori daude zuzenduta?
Zoriontsu izan gura duen edozeini. Egia da emakumeak gehiago animatzen direla horrelakoetara. Emakumeak euren barruarekin konektatuago daude, garrantzi handiagoa ematen diete sentipenei; gizonei gehiago kostatzen zaie ondo ez daudela azaltzea edo adieraztea.
Azal egiguzu entrenamendu mentala zer den.
Asmatutako hitza da, berez; meditazio sistema edo eskola ezberdinetatik atera ditudan ariketa bilduma da. Hortxe daude, besteak beste, PNL programazio neurolinguistikokoak, sofrologiakoak, psikologia positibokoak eta baita yoga ariketak ere. Teknika pila bat probatu ditut eta eraginkorrenak iruditu zaizkidanak batu.
Estresari aurre egiteko ariketak direla esan genezake?
Estresa esperientzia desatsegina da; besteak beste, zoriontsu bizi izaten uzten ez diguna. Aukeran, estresak harrapatu aurretik, erritmo azkar hori geldiarazteko lagungarriak diren ariketak proposatzeari baliagarriagoa deritzot. Barrua landuz gero, botikarik hartu gabe gaindi dezakegu.
Ez da, baina, erraza izaten, garaiz konturatzea.
Uste baino errazagoa da estresa kontrolatzea; horretarako badago, adibidez, main-fullness. Hau da, erabateko arreta deritzon meditazio sistema. Begiak itxi eta erne egon arnasa nola hartzen duzun. Momentu horretan arnasa kontrolatuko duzu, eta, modu horretan, zure burua. Konparazio bat egite aldera, metxero bat piztu eta haren sua itzaltzea erraza da; su handi bat itzaltzea, berriz, ez horrenbesteraino, ezta?
Bakoitzaren bizipenak alboratuta, orokorrean, oso azkar bizi gara.
Kanpora begira bizi gara, besteei begira egiten ditugu gauza asko, besteen onespena gure buruaren aurretik jartzen dugu, eta horren arabera antolatzen bizimodua. Sartu diguten mezu txarra da hori. Besteak gurekin gustura egon arren, gu ez bagaude ondo, ez du ezertarako balio; gure buruaren kalterako ari gara. Zoriontsu izateko, egiten duzunarekin koherentea izatea ezinbestekoa da. Besteengatik baino gehiago, norberarengatik egin behar da. Ezetz esaten ikasi behar dugu, zer nahi dugun jakin eta horren bila joan, nahiz eta sarritan erabaki gogorrak hartu behar izan gure aldeko apustua egiteko.
Lanarekin lotzen dugu sarritan estresa. Nola egin aurre horri?
Bizi dugun egoera ekonomikoan, ez da erraza lanari ezetz esatea, baina nik jendea bere duintasuna defenditzera animatuko nuke. Epe edo data zehatzen menpe bizi gara, eta horiek betetzen saiatuko gara, baina, hori bai, lan hori burututakoan, saritu zure burua. Pertsona bakoitzak erabaki behar luke bere bizitza nola kudeatu.
Zelakoak eta noiz egitekoak dira ariketa horiek?
Askotarikoak daude; www.entrenamendumentala.blogspot.com blogean dituzue adibide pila bat, idatziz zein grabatutako azalpenekin. Indarberritzekoekin hastea aholkatuko nuke, munduaren ikuskera aldatu erazten duelako. Gustuko bat aukeratu eta egunero praktikatu. Adibide moduan hona hemen bat: itxi begiak eta gora begira jarri. Hiru hatz elkartu eta, eroso jarrita, hartu lasai arnasa. Hasi gero aginduak ematen zure buruari: indarberritu garuna, kopeta... Goitik behera, gorputz osoa errepasatu horrela, eguneroko egin-beharrei indarrez aurre egiten laguntzen du-eta.
Etxera daramagu gero estresa.
Horrela da bai, eta horregatik bereziki, lanetik irten eta etxeratu aurretik ariketak egitea oso ona da; etxean gure onena eskaintzeko indarra emango digu horrek. Haurrek egiteko ere badaude aproposak. Ezin ditugu, baina, ezertara behartu. Heldu orojakileok asko dugu eurengandik ikasteko.
Beste tresnarik proposatzerik?
Denboraren arrastoa deritzona ere badago: bizitako esperientzia txar bat memoriara gerturatuz gero, arnasa azkartuko zaigu eta ez gara ondo sentituko; oroitzapen hori behin eta berriz urrutira bidaltzen saiatuz gero, azkenean, desagertu egingo da, eta barruko min hori gaindituko dugu.
Esaldi positiboak behin eta berriz errepikatzea ere gomendatzen duzu blogean. Zelakoak?
Oso gustuko dudan idazle bat gomendatuko dizuet: Louis L.Hay.Idatzi dituen liburuen artetik bereziki bat azpimarratuko nizueke: Usted puede sanarse a si mismo. Liburu horretan kontatzen du gorputzean ditugun minek arrazoi mentalak dituztela eta, beraz, ariketa egokiak eginez gero, min ustez fisikoak direnak osatu ahal ditugula. Adibidez, "gauzak egiteko modu bat baino gehiago daude" esaldi positiboa behin eta berriz errepikatuz gero, 160 aldiz behintzat bai, begiak itxita eta hori guztia, harritzekoa bada ere, tortikulisa osatzeko aukera eman dezake. Niri gertatu zait.
Osatzeko, baina, zenbat denbora behar dugu?
Hobetu nahi denaren arabera. Hori bai, oso diziplinatua izan behar da; egunero-egunero egin behar dira ariketak. Yo libre dokumentala ikustea gomendatzen dizuet, sekulako ikasgaia da!
Zoriontsu izateko aholkuren bat?
Zoriontsu izan nahi izatea, posible dela konturatzea, eta hala izan dadin egin beharreko guztia egitea; zer lortu nahi duzun garbi izatea eta daukazuna eskertzea, behin eta berriz! Garrantzia eman daukazunari.