Esan bezala, hitzaldiaren antolatzaileek salatu dute PSE-EEk "egindako presioengatik" geratu dela bertan behera. Kataluniarrarekin berba egin dutela, eta honakoa helarazi diotela azaldu dute: "Erabat lotsatuta dago gertatutakoarekin, ez du ulertzen nola atez atekoak horrelako giroa sor dezakeen eta PSE-EEren jarrerarekin oso haserre dago. Herritarrei barkamenak eskatzen dizkie eta bere herrian atez atekoarekin lortutako emaitzekin arro dagoelako, munduko edozein lekutan aurkeztu eta defendatzeko prest dagoela adierazi du".
"Gezurra"
PSE-EE alderdiarekin harremanetan jarri gara, eta hitzaldiaren antolatzaileek esandakoa "gezurra" dela, eta, horren harira, ez dutela "ezer egin" jakinarazi du.
EH Bilduk ere auziaren gainean duen iritzia plazaratu gura izan du. Bidalitako prentsa oharrean jakinarazi duenez, Tiana herriko PSCko bi zinegotzi Euskal Herrira etortzekoak ziren, bihar eta zapatu bitartean bakoitzak bina hitzaldi ematera; hain justu, Lezo, Zarautz, Eskoriatza eta Villabonako udaletara. Koalizioaren esanetan, PSEk PSCri egindako "presio batzuk" direla-eta, bidaia bertan behera utzi behar izan dute, "bere borondatearen kontra".
"Arduraz jokatzeko" deia
PSOEk beste lekuetan onartzen duena Gipuzkoan onartzen ez duela "jakina" dela esan ostean, salatu du hiri hondakinen gainean, PSE-EE, Gipuzkoan "interes ekonomiko eta alderdikoiak lehenesten" ari dela. Gaineratu du ez duela nahi gipuzkoarrek alde guztietako argudioak entzutea. Honakoa esan du: "beldur dio eztabaida aske eta zentzudun bat izateari, eta horregatik debekua ezartzen die PSCko kideei". Horren aurrean, PSE-EEri arduraz joka dezala eskatzen dio.