Zerk bultzatu zintuen agintaldi bat politikan ematera?
Kontua da lehenagotik (zinegotzi izan aurretik) bazegoela Eskoriatzako elizateetan mugimendu bat. Mugimendu hark zera aldarrikatzen zuen: erabakiak hartzen ziren tokian (udaletxean) elizateetako kideek bertan egon behar zutela.
Bestela esanda, beharrezkoa ikusten zela Udalaren erabakietan parte hartzea. Mugimendu hura pixkanaka gorpuzten hasi zen Mankomunitateak Eskoriatzako Udalarekin batera etxeko zaborren kudeaketaren inguruan erabaki bat hartu zuenean. Hartutako erabaki hura hauxe zen: aurrez Apotzagako elizatean zegoen zabortegi bat aprobetxatuz, bertara Mankomunitateko zaborrak ekartzea.
Horren aurrean, elizate guztietako auzotarrok elkartu eta elizateetako elkarte bat sortu genuen. Bertatik bi zinegotzi irten ginen. Beraz, esan daiteke aipatutako horrek guztiak eragin zuela zinegotzi gisa aritu izana.
Lan ugari egin zenuten, gainera; nola oroitzen duzu agintaldia?
Maila pertsonalean oso aberasgarri izan zen sentsazioa dut, nahiz eta bizia eta tirabiratsua izan. Lan handiko garaiak izan ziren. Egiteko asko zegoen!
Ez da berdina izango elizate bateko alkatea izatea edo Udaleko zinegotzi gisa jardutea, ezta?
Ez, noski. Ez da berdina zazpi elizateen hitza Udalera eramatea edo elizate bakar baten ardurak kudeatzea. Zailagoa izaten da tamaina handiagoko talde bat ordezkatzea talde txikiago bat gestionatzea baino, ezta?
Azken finean, bolumen handiagoko kontuak esku artean dauzkagunean, prozesuek luzeago irauten dute. Erronkek dimentsio handiagoa hartzen dute.
Nolakoak ziren garai haietako elizateak? Egungoen oso ezberdinak zirela esango zenuke?
Alde batetik, esango nuke aktiboagoak zirela elizateak garai haietan. Beti gauzak egiteko gogoz eta prest azaltzen ginen auzotarrok. Auzo-lanak benetako indarra zuen, eta, nolabait, esango nuke garai haietan egindako lan handiagatik dugula gaur egun daukagun azpiegitura eta egoera ona. Alde horretatik, beraz, ondo ikusten ditut auzoak.
Baina, esan bezala, sentimendu edo gar aldetik egungo garaiak ez dira horren indartsuak. Apatikoago gaudela esango nuke, iniziatiba barik. Eta nire aburuz, honen arrazoi bat da edozein ideia, ekintza, eskaera edo hobetze proposamen edukiz gero, Udalari parte eman behar diozula, eta ederki asko justifikatu behar duzula, gainera.
Eta Eskoriatza nola oroitzen duzu 80ko hamarkada hartan?
Ba, ez dakit zer esan. Sasoi hartarako nahiko herri lasaia zen sentsazioa daukat. Hori bai, apur bat berdeagoa bazela esango nuke!
Zer-nolako proiektuak garatu zenituzten garai hartan?
Proiektu dezente gauzatu ziren garai haietan, batez ere azpiegiturarekin lotuak. Esaterako, zazpi elizateetako baserri-bide gehienak hormigoitu ziren, etxe batzuetako ur arazoak konpondu ziren, auzo batzuetan kaleko argiak jarri ziren eta, noski, zabortegiaren plana albo batera geratzea lortu genuen... Bai, lan handia egin genuen!
Edozelan ere, azpimarratzea gustatuko litzaidake gauza fisiko horiek baino garrantzitsuagoa izan zen sentimendua loratu zela zazpi elizateen artean: elkartasuna, hain zuzen ere. Eta horregatik, egun, elizateetako bi zinegotzik tokia dute Udalean. Beraz, nire ustez, proiektu edo lorpen arrakastatsuena izan zen hura, hasiera batean aldarrikatzen genuena eskuratu baikenuen elkartasun horrekin (Udalean elizateek tokia izatea).
Eskatuz gero, errepikatuko al zenuke esperientzia?
Pozik nago egin genuen lanarekin, baina orain ez nintzateke berriz saltsa horretan sartuko.