Hondakinen gaineko plangintza abian Eskoriatzan, 2014 hasieran atez atekoa ezartzeko

Goiatz Arana Begiristain 2013ko martxoaren 13a

Zero zabor norabidean, Eskoriatzako Udalak atez ateko hondakin bilketa sistema jarri gura du martxan datorren urte hasieran eta, hori horrela izan dadin, hilabete honetan hasi eta abendura bitarteko plangintza zehaztu du. Labur esanda, uda bitartean, atez atekoaren gainean, orokorrean,  informatuko dituzte herritarrak; eta uda ostean, bilketa sistema hori herrira egokitzeko urratsak emango dituzte.

Hiri hondakinen gaia garrantzitsua eta ondo planifikatu beharrekoa da, eta berebiziko garrantzia du herritarren parte-hartzeak, Eskoriatzako alkatearen esanetan. Horregatik, orain hasi eta urtea bukatu bitartean aurrera eraman asmo duten plangintza zehaztu du Udalak.

Bi fasetan egingo dute: uztailera arte herritarrak informatzea izango dute helburu, atez ateko sistemak orokorrean nola funtzionatzen duen ezagutzera emateko; eta bigarren fasean, irailetik abendura, sistema horrek zehazki Eskoriatzan nola funtzionatuko lukeen azalduko diete.

Hasteko eta behin, baina, galdeketa egingo dute; aste honen amaieran bertan, galdetegi bat banatuko dute herritarren artean, sistema honen inguruan zehazki zerk arduratzen dituen identifikatzeko.

Bi fase: uda aurrekoa eta ostekoa

Asmoa da modu horretan batutako ekarpen, zalantza eta iritzietatik abiatuta, apirilean zehar informazio plangintza bat egitea, maiatzean, ekainean eta uztailean zehar aurrera eramateko. Informazioa eskuragarri egongo da webgunean, baina horrez gain, Ibarraundi irekita egongo da arratsalde batzuetan herritarrak lehen eskutik informatzeko, erakusketa iraunkor bat irekiko dute eskoriatzarrek egindako galderei erantzuna emanez, bilerak egingo dituzte eta bisitak antolatu atez atekoak nahiz beste sistema batek nola funtzionatzen duten ezagutzeko.

Eta behin lehen fase hori amaituta, uda ostean bigarrena abiaraziko dute, atez atekoak zehazki Eskoriatzan nola funtzionatuko duen azaltzeko: irailean eta urrian Ibarraundi museoak informazio bulego moduan funtzionatuko du egunero eta parte-hartze prozesua egingo dute herritarrekin, hainbat gauza erabakitzeko, baina ez guztiak, aurretik Bergaran edota Oñatin hartutako erabakiek eragina izango dutelako, Ingurumen zinegotzi Igor Ezpeletaren esanetan.

Asmoa da azarorako azken proiektua herriratzea, eta abenduan atez atekoa martxan jartzeko herrian egin beharreko prestaketa lanak eta moldaketak egitea eta biztanleei beharrezko materiala banatzea: edukiontziak edota egutegiak, adibidez.

Zero Zabor norabidean

Horiek esanda, Eskoriatzako Ingurumen zinegotziak azpimarratu du eztabaida atez atekoaren inguruan badago ere, Udalaren helburua haratago doala: Zero Zabor herria izan gura dutela eta norabide horretan doazela erakusten duten ekintzak ere aurreikusi dituztela.

Ahalik eta erraztasun gehien emango dituztela hitzeman du Beñat Herce alkateak, baina ahalik eta gehien birziklatzeko helburuarekin beti ere, %70 inguru. Eskoriatza Garbia plataformak deituta, herriko leiho eta balkoietan zintzilikatu dituzten poltsei buruz galdetuta, baikor hitz egin du beste behin ere, “hondakinen gaiaren inguruan kezka” dagoela erakusten duelako horrek eta “errespetatu beharreko beste iritzi bat” delako.

Gauzak ondo bidean, 2014 urte hasieran atez ate batuko dituzte hondakinak Eskoriatzan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak