Atez atekoaren kontra, zabor poltsak Eskoriatzako balkoietan

Mirian Biteri 2013ko ots. 21a, 12:01

Debagoieneko beste hainbat herrietan moduan, Eskoriatzan ere hasi dira zabor poltsak etxebizitzetako balkoietan zintzilikatzen. Atez ate sistemaren kontra daudela agerian uzteko jartzen dituzte protesta gisa. Joan den egubakoitzean, Eskoriatza Garbia plataformak deituta egindako elkarretaratzearen ondotik dator ekintza hori

Herriko plazan zabor poltsak zintzilikatuta egin zuten protesta ehun lagun baino gehiagok. Bilkura amaitzean, plazan erabilitako poltsak hartu, eta balkoietan jartzen hasi ziren hainbat eskoriatzar. Plataformako bozeramaile Rafa Salidok azaldu du herritarrek hartu zutela bere kabuz erabakia. Honakoa dio: "Herritarrek atez atekoaren kontrako iritzia eman nahi zuten, eta orduan erabaki zuten plazako zabor poltsak beraien etxeko balkoietan jartzea. Eta orain, plataformak ere ekintza hori bultzatu gura du".

Salidoren arabera, eskoriatzar asko "minduta" daude atez atekoaren kontra 1.500 bat lagunek sinatu badute ere, urtarrileko osoko bilkuran udalbatzak atzera bota zuelako horren harira Eskoriatza Garbiak aurkeztutako mozioa. Eta ondorioz, herritarrek prozesuan parte-hartzeko asmoa dutela iragarri du. Hain justu, datorren egubakoitzean egingo dute hurrengo ekintza. Hiri hondakinei buruzko informazio mahaiak jarriko dituzte; atez atekoa zertan datzan eta bosgarren edukiontziaren abantailen berri emango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak