Zelatan sartu zinen politikan?
Askotan etortzen zitzaidan jendea udaletxean sartzeko eskatuz, baina, nik ez nuen gura enpresak lan asko ematen zidalako. Baina, niretako, Udala txoko edo elkarte gastronomiko baten modukoa da, momentu jakin batean handik pasatu behar zara. EAJ-EA zatitzearekin heldu zen momentu hori.
Politika zalea zara...
Ez. Ez zait politika gustatzen. Baina, gurasoak jeltzaleak ziren, oso sartuta zeuden. Horrenbeste urtez alderdia apurtu behar zela-eta, udaletxean sartzea erabaki nuen. Independente moduan aurkeztu nintzen, EAJ barruan; Fernando Beitia zerrendaburua zen, eta ni bigarren. Ogasun eta Ondare ardura hartu nuen, enpresan gestore lanak egiten banekien-eta.
Nola topatu zenuen Udala?
Gogoratzen dut garai hartan arau ordezkatzaileak oso gogorrak zirela; kontratistak ez ziren sartzen garesti irteten zelako Eskoriatzan etxebizitzak egitea, eta hori dela-eta jendea Arrasatera edo Aretxabaletara joaten zen. Ni berria nintzen: banekien administrazio pribatua nolakoa zen, baina publikoa ez. Hasieran ez nuen ulertzen piperrik ez, eta Arrasateko Amparok lagundu zidan. Urtebete behar izan nuen apur bat ulertzeko; martxa hartzen duzunerako alde egin behar duzu.
Zeintzuk izan ziren garai hartako proiektu esanguratsuenak?
Hirigintzarekin batera, hasi ginen orduan arau ordezkatzaileak aldatzen, etxebizitzak egiten hasteko. Gogoratzen naiz Udalera sartu ginenean egin barik zegoen obra topatu genuela Olaetan. Plaza hori amaitu genuen. Horretaz gainera, Intxaurtxuetan 200 etxebizitza inguru jarri genituen martxan, eta baita Gorosarri eta Olazarren ere. Bestalde, elizateetarako bideak ere egin ziren garai hartan; Iñaki Madinabeitia zen orduan ere Elizateetako zinegotzia.
Gustura egon zinen urte horietan?
Bai. Dena dela, nik asko bidaitzen nuen, eta osoko bilkuretara ez nintzen askotan joaten. Esan bezala, ez nuen gura zerrendaburu izatea, eta asmo nagusia zen herriaren alde lan egitea. Gainera, Fernando Beitia eta biok oso ondo konpontzen ginen gainerako udal ordezkari guztiekin. Agintaldi lasaia izan zen gurea. Hori dela-eta, oso oroitzapen onak dauzkat. Akordatzen naiz udaletxean sartu nintzen lehen egunean lan egitera sartu ginela esan genuela, eta politikarekin ez genuela ezer jakin nahi. Horren harira, Donostiatik heltzen zena zakarrontzira botatzen nuen; eta behin alderdiko bat etorri zen hiriburutik bihurriak ginela esaten. Lan egiten uzteko eskatu nion. Askatasuna geneukan gura genuena egiteko.
Asko aldatu da Eskoriatza zu Udaletik irten zinenetik?
Urte asko pasa dira; atera kontuak. Onerako eta baita txarrerako. Gogoratzen dut gu sartu ginenean industria gunerik ez zegoela, eta agintaldi horretan ere ez zela ezer egin. Gero, ordea, Eskoriatzarendako hondamendia izan zen proiektua egin zuten: Torrebasoko industrialdea. Urteak eman dituzte Udalean proiektu horrek eragindako zuloa ordaintzen. Oker ez banago, 300.000 euroko zorra ordaintzen zen urtero. Debagoieneko gainerako herrietan egin zen moduan, Spriren bitartez egin behar zen gune hori; baina orduko alkate Manu Villarrek berak bakarrik egitea erabaki zuen; niretako hanka sartzea ederra. Eskoriatza ito du proiektu horrek hainbat urtez. Eskerrak zor hori dagoeneko ez daukagun.
Kiroldegiarekin ere ez nago oso konforme. Niretako Aretxabaletak eta Eskoriatzak elkarlanean bat egitearekin nahikoa; zerbitzuak komunean jartzearen aldekoa naiz, ez bakoitza bere aldetik. Baina, garai hartan ez zegoen bi erakundeen arteko hartu emanik; orain ematen du hori aldatzen hasi dela. Bestalde, esan beharra dago kulturan eta gizartean lan handia egin dela.
Amaitu aurretik, Udalera itzuliko zinateke?
Ez. Urteak aurrera doaz gainera. Dena dela, gazteekin lan egitea gustatzen zait, gazte zalea naiz, eta laguntza eskatzen badidate, gertu nago. Eta horrela izan behar da udal batean. Horren harira, nik uste dut udalek indar gehiago edukiko beharko luketela; Suitzan, esaterako, horrela da. Erakunde inportanteena izan beharko litzateke.