Mankomunitateko teknikariek, batetik, eta Udaleko ingurumen teknikariak, bestetik, egindako txostenak tarteko argitu gura dute "lehentasuna dela bilketa selektiboa sustatzen jarraitzea; eta horretarako, hondakin organikoak berezita biltzeko sistema ezartzea" proposatzen da. Eta ildo horretatik, "Mankomunitateak proposatutako sistema bosgarren edukiontziarena baino hobea" dela esateko arrazoiak eman dituzte.
Sistema eraginkor bakarra
Bosgarren edukiontziaren sistemak "ez duela lortzen %70-80ko bilketa selektibo tasarik" diote, eta "helburu horrek lehentasuna du gobernu taldearentzat". Eta argitu: "Horrelako emaitzak lortzeko sistema eraginkor bakarra atez ateko sistemaz ezagutzen den eta izen horren azpian biltzen diren alternatibak dira".
Udal Gobernuak uste du "bosgarren edukiontziak duen ahulezietako bat dela sistema borondatean oinarritzea; atez atekoa, aldiz, derrigortasunean". Eta gaineratu dute "Mankomunitateak eta Udalak behar beste kanpaina eta ekintza sustatuko dituztela kontzientzia sortzeko, sistema erakusteko eta hondakin bilketa selektiboaren portzentajea, gutxienez, %70 izateko".
Gainera, bosgarren edukiontzi horiek edukiontzi berdeak izaten dituztela alboan diote, eta hori beste arazo bat dela: "Marroiak baino hiru edo lau bider gehiago izaten dira berdeak. Eta horietan hondakin birziklagarriak eta ez birziklagarriak batera jasotzen dira, guztiak ez birziklagarri bihurtuz". Horregatik guztiagatik diote bosgarren edukiontzia ezartzea "birziklatze maila altuak ez lortzearen eta erraustegia eraikitzearen alde egotearen sinonimo" dela.
Lan txalogarria
Udal Gobernuak uste du Eskoriatza Garbiaren lana "txalogarria" dela, baina "horiek proposatutakoak ez duela konpontzen hondakinen kudeaketaren arazoa". Eta gonbidatu gura ditu "atez atekoari aukera bat ematera; horren ezarpena diseinatzeko prozesuan parte hartzera –urte bukaerarako aurreikusita dago–; eta birziklapena sustatzeko lanean jarraitzera".
Mozioa bihar
Eskoriatza Garbia plataformako kideek mozioa sartu dute bihar egingo den osoko bilkurarako. Herri kontsulta bultzatzeko eskaera egingo dutela jakinarazi dute: "EskoHitza parte-hartze prozesuan hiri hondakinen gaia sartzea gurako genuke". Eta gehitu dute: "Parte-hartze prozesu horretan ehun bat lagun ibili dira eta guk aurkeztutako sinadurak 1.240 izan dira; hortaz, badugula zeresanik uste dugu".