Erosle bakoitzak tupperra eroan beharko du dendara, eta ontzi berrerabilgarria erabilitako erosketa bakoitzeko txartel bat jasoko du erosleak. Hil bakoitzeko 18an zozketa egingo da, eta zenbaki irabazleak 50 euroko erosketa jasoko du, aste beteko epean, txartel irabazlea banatutako dendan gastatzeko.
Ibarraundi museotik jakinarazi digute gaur, egubakoitza, jarriko dela martxan esandako kanpaina, eta hasiera batean, hiru hilabeteko iraupena izango duela.
Eneritz Zubia teknikariak azaldu digu Zero Zabor filosofiaren harira gertatutako kanpaina dela. Honakoa esan digu: "Zero Zabor filosofiaren barruan, Udalak, lehenik eta behin, gura du hondakinen sorrera murriztea; kudeatu beharrean, lehenengo pausua zaborren sorrera murriztea izan behar da beti, eta horren harira, aukera egokia iruditzen zitzaigun herriko dendetara-eta tupperrarekin joatea, modu horretan, zaborra murrizten dugulako".
Gipuzkoako beste hainbat herritan dagoeneko antzeko ekimenak egiten direla eta emaitza "onak" direla ikusita, Eskoriatzan ere "esperientzia pilotua" martxan jartzea erabaki dute: "Beste herrietako esperientzian oinarrituta, eta herritarren zein dendarien aldetik emaitzak onak zirela ikusita, martxan jartzea pentsatu genuen".
Bost komertzio
Esan bezala, herriko harategi eta arrandegiekin hasiko dira lanean. Denera, bost komertziok hartuko dute parte horretan: Eguren, La Plaza eta Leiba arrandegiak; eta Pagaldai eta Altuna Anaiak harategiak.
Dagoeneko tupperarekin
Horren harira, Zubiak jakinarazi digu dendariek "ondo" hartu dutela ideia: "Gehienek komentatu digute dagoeneko jendea badagoela tupperrarekin doana, eta hortaz, eurendako ez da guztiz berria izango. Berria ez baina onuragarria bai, paper kontsumoa murriztuko delako, gastua ere murriztuz".
Oraingoz, esan bezala, harategiekin eta arrandegietan egingo dute lan, baina ez dute baztertzen bestelako dendekin ere berba egitea; tartean, hestebeteak saltzen dituztenekin. Dena dela, azpimarratu du esperientzia pilotua dela, eta joango direla ikusten kanpainak duen erantzuna