Hasi dira auzokonposta egiten Eskoriatzako Dorleta auzoan

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko urtarrilaren 10a

32 familiak egingo dute auzokonposta unibertsitate ondoan egokitu duten gunean eta familia bakoitzak giltza bat izango du organikoa gune horretara nahi duenean eramateko. Bertaratutako auzotarrak pozik agertu ziren atzo eta asmoa da datorren astean zaharren egoitza ondoan egokitu duten bigarren gunea zabaltzea.

Auzokonpostaren lehenengo proba aitzindaria martxan jarri dute dagoeneko Eskoriatzako Dorleta auzoan eta atzotik erabiltzeko prest dago bertako auzotarrendako egokitutako gunea.

32 familiak eman dute izena Dorletan auzokonposta egiteko, atzo familia gutxi batzuekin eman zieten hasiera auzokonposta egiteari baina segidan izena emandako familia guztiak batuko dira konposta egitera. Saioa Altzua Ibarraundi museoko langilea oso pozik zegoen proba aitzindari honek izan duen harrerarekin.

Aurreikusten zutena baino gune handiagoa egokitu behar izan dute unibertsitate ondoan eta organikoa bertara eramateko ordutegirik ez da izango gainera; bakoitza bere giltzarekin joan ahal izango da nahi duenean.

Atzo arratsaldean izan ziren lehen aldiz auzokonposta egingo duten familiak gunean eta udaleko langileekin batera, azkeneko konpostagailuak muntatu zituzten. Horren ostean, azkeneko azalpen batzuk ere jaso zituzten eta giltzak jasota, dagoeneko hasi dira auzotarrak auzokonposta egiten. Atzo, organikoz betetako kubotxoa eraman zuenik ere izan zen.

Konpostarekin zer?

Hortik lortutako konposta erabiltzeko lehentasuna konposta egiten duten erabiltzaileek izango dute eta soberan gelditzen dena herriko lorezaintza enpresari eskainiko diotela azaldu zigun Altzuak.

Zaharren egoitzan beste gune bat

Dorletako guneaz gain, zaharren egoitzako ortuan ere auzokonpostarako gune bat egokitzen ari dira. Bertara egoitzako eta Luis Ezeiza eskolako jangelako organikoak eramango dituzte eta inguruko etxe bloke bateko sei familiak ere eramango dute organikoa bertara.

Herriko bi gunetan egingo diren proba aitzindariek nola funtzionatzen duten ikusiko dute orain udal langileek, eta ondo eta gaizki egindakoak aztertu ostean, asmoa da herrian horrelako gune gehiago jartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak