Atez atekoaren aurka dagoen Eskoriatza Garbia plataformak Beñat Herce alkateari eman zion atzo atez atekoaren kontrako kanpainan batutako 1.240 sinaduren notario-akta. “Eskoriatza Garbia atez ateri ez herri plataforma da zeure aurrean dagoena notario aurrean balioztatutako 1.240 sinaduren ordezkari bezala. Beste 255 sinadura bidean gelditu dira arrazoi bategatik edo beste batengatik, baina guretzako ez dute garrantzia gutxiago. Notarioak banan-banan gainbegiratu ditu sinadura guztiak” esan zion alkateari Rafa Salido plataformako bozeramaileak.
Eskoriatza Garbiakoek gaineratu zuten 1.240 sinadurek Eskoriatzan azken hauteskundeetan bozkatzeko aukera izan zuten pertsonen %63a adierazten dutela eta Eskoriatzako alkateak gai horretan jendeak duen inplikazioa ikusi ahal izan zuen. Hauxe esan zuen Beñat Hercek: “Jaso ditugu sinadurak. Atsegin dut jendea inplikatzen dela ikustea, ados egon ez arren. Hondakinak bezalako arazo larri baten aurrean erantzun bat egoteak esan nahi du kezka bat dagoela eta guztiok daukagu asmoa kezka horri irtenbidea emateko”.
Eskoriatza Garbiakoek zehaztu zuten sinadurak batzerako orduan herritarrek puntu hauei erakutsi diela atxikimendua: 5. edukiontziaren alde daudela, hondakinak birziklatzeko konpromisoa hartzen dutela eta ez datozela bat atez ateko bilketa sistema ezartzearekin.
Hondakinen kudeaketaren mozioa
Alkateak sinaduren notario-akta jaso zuenean, Eskoriatza Garbiako ordezkariei beste dokumentu bat entregatu zien: urte honetako maiatzaren 31ko osoko bilkuran onartutako hondakinen kudeaketaren mozioa. Eta azaldu zuen alkateak eurek alternatiba ugari aztertu ondoren, onena atez atekoa dela ondorioztatu dutela eta sistema hori sustatzen dabiltzala. Izan ere, orain guztiok birziklatzen dugula esaten dugun arren, hori horrela ez dela azaldu zuen Hercek: “Guztiok esaten dugu birziklatu egiten dugula baina datuak benetan gordinak dira. Zabortegietara botatzen dugu sortzen dugun guztiaren %70a baino gehiago eta horrek kezkatu egiten gaitu”.
Eskoriatza Garbiakoek azaldu zuten datu hori ez dela erreala eta alde batak zein besteak atez atekoaren aldeko eta kontrako argudioak eman zituzten. Plataformakoek alkatearen erantzuna espero dutela esan zuten: “Beñatek herriari erantzun bat ematea espero dugu zentzuzko epe baten barruan eta plataformak aktibo jarraituko du 2013an” esan zuen plataformako bozeramaileak.
Alkateak adierazi zuen sinaduren notario-akta zuzenean berari eman dioten arren, Udaleko ordezkari guztiei helarazi beharko zaiela Eskoriatza Garbiakoen eskaera.