Eskoriatza Garbia plataforma atez atekoaren kontra egiteko sortu zen uztailan modu informalean. Irailean, baina, plataforma formalizatu zuten eta sinadurak batzen hasi ziren.
Ordutik hona Azkoaga Enea hotelaren parean, Intxaurtxuetan eta herriko plazan batu dituzte sinadurak atez atekoaren kontra. Horrez gain, hitzaldi informatiboak egin dituzte elizateetan, behe barruetako arduradunekin ere bilerak egin dituzte eta euren proposamenen berri emateko esku-orriak banatu dituzte Eskoriatzan.
Azkeneko sinadura bilketa domekan egin zuten herriko plazan eta horrekin amaitutzat jo dute sinadurak batzeko kanpaina. Herritarrengandik jasotako erantzunarekin oso pozik daude plataformako kideak. Izan ere, dagoeneko euren erronka zen 1.000 sinaduratik gora jaso dituzte. Plataformakoek gaineratu dute, Eskoriatzan botoa emateko eskubidea duten pertsonen %50 inguruk sinatu duela, beraz, atez atekoaren kontra eta oso pozik daudela. Hauxe esan digu Rafa Salido Eskoriatza Garbia plataformako bozeramaileak: “1.000 sinadura batu nahi genituen eta zifra hori gainditu dugu. Orain azken kontaketa egiten gabiltza eta errepikatutako sinadurarik ez dagoela baieztatzen ari gara notarioak agindu bezala. Oso pozik gaude lortu nahi genuen erronka gainditu dugulako”.
Eskoriatza Garbia plataformako bozeramaileak esan digu euren ustez bosgarren edukiontzia dela hondakinak batzeko sistemarik eraginkorrena.
Atez atekoaren kontrako hainbat argudio daudela uste dute: “Bide publikoko toki asko okupatzen du batez ere oinezkoendako dena eta hori Eskoriatzan arazo handia da espaloi estuak ditugulako, uste dugu inpaktu bisuala ere oso handia izango dela, hondakinen presentzia egongo da bide publikoan horiek jasotzerako orduan, udaran usaina egongo da eta bilketarako kamioiak ere ugaritu egingo dira, lehen ordu erdian egiten zutena egiteko, gero hiru ordu beharko dituzte eta horrek ere kutsadura dakar.
Rafa Salidok gaineratu du krisi garai honetan inbertsio handiak ekarriko dituela atez atekoak eta hondakinak uzterako orduan herritarrek daukaten askatasuna ere asko mugatuko duela.
Azpimarratu du baita ere atez atekoaren bukaerako emaitza lortu nahi dutela eurek ere, baina atez atekoaren aurretik bosgarren edukiontzia probatu beharko litzatekeela dio alternatiba oso eraginkorra delako.
Orain, Eskoriatza Garbiakoen asmoa da sinadurak notarioarengana eramatea, eta ondoren alkatearekin egongo dira, sinaduraren zenbatekoa eman eta idatzi baten bitartez euren proposamenak emateko.