Interesatzen zaizu politika?
Bai interesatzen zait, gure egunerokoan eragin zuzena baitu. Dena den, aitortu beharra daukat ez nagoela gai hauetan oso jantzia.
Eta legebiltzarrerako hauteskundeak?
Baita ere, gaur egun ditugun zerbitzu asko bertatik kudeatzen baitira: hezkuntza eta ikerketa, osasuna, irrati-telebista…
Zer iruditzen zaizu aurreratu izana?
Gaur egungo gobernua agortuta zegoen. Batetik, gaur egungo legebiltzarrak ez du herritar guztien ahotsa ordezkatzen. Bestetik, PSEren gobernu lana ongi egiteko beharrezkoa zuen PPren sostengua galduta du. Gaineratu beharra dago erronka gogorrak ditugula aurrean. Hauei aurre egiteko gobernu sendoagoa behar da.
Bereziak izango dira?
Hauteskunde guztiek dute bere berezitasuna. Egia da kasu honetan ETAren presentzia gabeko lehen hauteskundeak izango direla. Bestalde, ezin dira ahaztu sufritzen ari garen krisi ezberdinak: finantza-, ingurugiro- eta balore-krisiak. Horrek guztiak aparteko berezitasuna ematen die hauteskunde hauei.
Zer dago jokoan, zure ustez?
Batetik, gure autogobernuaren garapena dago jokoan. Gaur egun dugun ongizatea gure autogobernuari esker da. Beraz, autogobernua mantendu eta garatzen jarraitu beharra dagoela deritzot. Espainiak garbi erakutsi du, 80ko hamarkadan Europatik jasotako diru-laguntza guztiak jasota ere, ez dela gai izan laguntza horiei probetxua ateratzeko. Alemaniarrek, munduko bi gerrateak galdu eta beraien herria guztiz suntsituta geratu zen arren, lehenik beraien burua altxatu eta gerora Ekialdeko Alemania eta Europa finantzatu dute. Espainia bidelagun astuna da.
Bestalde Europako ongizate eredua ere kolokan dago. Neoliberalismo bortitz honek estatuak kolokan jartzeko gaitasuna duela erakutsi du. Kontu izan Espainia bezalako estatu handi bateko eskuineko partidu bat sekula egingo ez lukeen zerbait egitera behartzen duela, adibidez, BEZa igotzera behartu duela; eskuineko politika beti zergak jaistearen aldekoa da. Sinestezina da kapitalak duen boterea. Neoliberalismo hau Europako ongizate eredua estutzen ari da AEB edo Txinako ereduetarantz hurbilduaz; gainera, ez du behar bertako gobernuen baimenik behar. Egoera larria da.
Ongi deritzozu hauteskunde ostean paktuak egiteari?
Bai, ongi deritzot; azken finean aukeratuko ditugun politikarien lehen ardura herriaren gobernua antolatzea da. Gehiengorik ez badago ez daukate paktuak egin beste erremediorik. Horregatik, aukeratuko ditugun pertsonen gaitasunak (lidergoa, negoziazioa, kudeaketa, ...) funtsezkoak dira. Kotxea gidatzeko formazioa behar bada, atera kontuak herri bat gidatzeko zer beharko litzatekeen. Politikari on asko dago eta beraien lana txalotu beharra dago; den dela, bestelako asko ere badago. Bestelako horiek politika mundutik kentzeko edo bertan ez egoteko zerbait beharko genuke.
Zeinen artean uste duzu egingo dituztela?
Ez nuke jakingo esaten. Garbi ikusten dut PP alde batera geratuko dela, ez baitu indar nahikoa edukiko. Bestalde ez dut uste oraingoan PSErekin berriro elkartuko denik. Ezkerreko bi partiduak, PSE eta EH Bildu, ez ditut ikusten elkarrekin paktatzen. EAJ ikusten dut hobekien kokatuta: PSErekin edo EH Bildurekin egin dezake. Atzera begiratuz EAJak beti erakutsi du gobernuak antolatzeko gaitasuna. Dena den, bi partidu horiekin gobernatu baino gutxiengoan gobernatuko duela deritzot.
Nork uste duzu irabaziko dituela hauteskundeak?
Inkesten azken emaitzek EAJri ematen diote abantaila. Aurretik aipatutako arrazoiagatik, gutxiengoan izan daitekeen arren bera ikusten dut hobekien kokatuta.
Eta nor izango dela lehendakaria?
EAJ-k irabazten badu, Iñigo Urkullu.
Zer eskatuko zenioke lehendakari berriari?
Gure dirua tentuz kudeatuko duen pertsona bat behar dugula deritzot, neoliberalismoari gugan eragiteko duen tartea minimizatuz, gastua kontrolatuz eta autogobernua garatuz. Partiduan baino herrian pentsatu dezala, ondorioz gardena izan dadila eta demokrazia parte-hartzaileagoa garatu dezala.
Ez dit ardura muga batzuen barruan ongi irabazten badu, beti ere lana ongi egiten duen artean eta kontuak herriari ematen badizkio. Herri hau sendo gidatu dezala, sistema eta arau publiko efiziente eta eraginkorrak garatu ditzala. Garen biztanle kopururako ez al dugu estamentu larregi?
Gure geroa ziurtatu dezaketen pertsonak hezteko eta erronka berriei aurre egiteko profesionalak sortzeko baldintzak sortu ditzala. Gaur egun ikasketa etapa ezberdinetan ditugun curriculumek Toureko mendi etapa bateko bidea dirudite; koherentzia indartu beharra dago, baita hezkuntza eredua berritu ere. Gure seme-alabek erronka berriei aurre egiteko prest egon behar dute. Ekintzaileak sustatzen jarraitu behar du, ideia berrietan oinarritutako enpresak eta ikerketetatik sortutako garapenak txertatuaz.
Orain arte izan ditugun lehendakarien artetik gehien gustatzen zaizuna?
Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe.
Zergatik?
Carlos Garaikoetxea, Gernikako Estatutuak onartu ondoren gaur egun ditugun hainbat zerbitzu martxan jartzeko izan zuen arduragatik. Horretaz gain, euskal hiztuna izan ez arren euskara ikasteko izan zuen borondateagatik.
Juan Jose Ibarretxe, negoziatzeko izan duen gaitasunagatik. Horren adibide da kupo ekonomikoa berritzen izan zuen lorpena. Carlos Garaikoetxearen moduan, honek ere euskal hiztuna izan ez arren euskara ikasteko izan zuen jarreragatik. Biak ala biak, ondorengo lehendakariarentzako adibide izan dira.