Auzokonposta egiten hasiko dira Dorletan, Luis Ezeizan eta Zaharren Egoitzan

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko urriaren 5a

Herriko bi puntutan bi proba aitzindari jarriko dituzte martxan; auzokonposta egiten hasiko dira Dorleta auzoko 16 familia eta Luis Ezeiza ikastetxea eta Zaharren Egoitza. Alde batetik, Dorletako herritarrei eskutitza bidali zitzaien galdetzen ea prest egongo liratekeen proiektu honetan parte hartzeko eta 16 familien oniritzia jaso dute. Bestetik, Luis Ezeiza eta Zaharren Egoitza ere ados daude eta Igor Ezpeleta Ingurumen zinegotziak esan digu proiektuak "oso harrera ona" izan duela hasiera batean behintzat.

Aste honetan teknikariek formakuntza jaso dute prozesua nola eraman behar den jakiteko, datorren astean bilera izango dute herritarrekin azaltzeko zeintzuk izango diren pausuak eta prozesua, eta asmoa da konposta egiteko tokiak ahalik eta azkarren egokitzea. Horretarako, "obra txiki" batzuk egin beharko dira Dorletan eta Zaharren Egoitzako ortuan auzokonposta egiteko tokiak egokitzeko eta hiru enpresetako bati esleituko dizkiote obrak laster. "Hori guztia egindakoan asmoa da urtea amaitu baino lehenago proba pilotuak martxan jartzea" esan digu Ezpeletak.


Eskoriatzan egindako konpostari bi erabilera emateko asmoa dute: batetik, proiektuan parte hartzen dutenek aukera izango lukete konposta hori euren ortuetan-eta erabiltzeko, bestetik, soberan baldin badago, herriko lorategiak-eta kudeatzen dituen enpresari emango zaio aukera konposta erabiltzeko.


Hori guztia, Zero Zabor politikaren barruan doala azaldu digu Ezpeletak eta gaineratu Atez Atekoa baino gehiago dela Zero Zabor filosofia.

Proiektua zabaltzeko asmoa

Ezpeletak hauxe gaineratu du: "Proba aitzindariak ondo ateratzen badira, nahiko genuke herrian auzokonposta egiteko puntu gehiago jartzea eta herritar gehiago biltzea prozesura".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak