Hondakinen prebentzioaren oinarria hondakinik ez sortzea denez, proiektu gehien-gehienak konpostajearekin lotutakoak dira: autokonpostaje komunitario guneak sortzeko, etxean konpostatzea sustatzeko edo konpostaje planak egiteko.
Salbuespenak badira, ordea: Zarauzko Udalak, esaterako, Udaleko Agenda 21ekin lotuta, hiri hondakinak sortzea prebenitzeko tokiko plana egiteko diru laguntza jasoko du.
Eskoriatzako Udala: Konpostaje komunitarioa
Gurean, Eskoriatzako Udalak, esaterako —Adunako, Legazpiko eta Usurbilgo udalekin batera—, konpostaje komunitarioa egiteko guneak sortuko dituzte. Donostiakoak ere hamar konpostatze leku jarriko ditu. Etxeko konpostajea sustatuko dutenen artean, Astigarrako Udala dago.
Debagoieneko mankomunitateak ere bai
Mankomunitateek, bestalde, konpostatze plan osoak diseinatzeko eta martxan jartzeko jasoko dute diru laguntza: Gipuzkoako guztiek egin dute eskaera eta guztiek, baina Debagoienekoak ere, jasoko dute diru laguntza.
Heziketari begirako proiektu bat ere bada; hain zuzen ere, Konpostari Elkarteak aurkeztutakoa, Konposta eta zizareak eskolara izenekoa. Helburua da umeei konpostajea zer den erakustea, eta horretarako, ikastetxez ikastetxe ibiliko dira elkartekideak Urola Kostan.
Udalen "kontzientziazioa"
Ainhoa Iraola Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak adierazi duenez, "diru laguntza hauek eskaera handia izan dute, iaz baino handiagoa, eta horrek Gipuzkoako herritarren eta udalen kontzientziazioa agerian uzten du. Gipuzkoarrek gero eta garbiago dute ahalik eta hondakin gutxien sortzea, hondakinak berrerabiltzea eta birziklatzea dela irtenbidea. Gipuzkoako Foru Aldundiak mota horretako proiektuak laguntzeko konpromiso sendoa du, gipuzkoarrek ongizate hobea izaten, denok ardura handiagoaz jokatzen eta naturarekiko harreman egokiagoa izaten laguntzen dutelako".