Carlos Ormazabal: "Herriari eman behar zaio aukera erabakitzeko zein bilketa sistema duen nahiago"

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko irailaren 20a

Hondakin bilketa sistemak izan zituzten berbagai atzo Eskoriatzan. Carlos Ormazabal jeltzaleak hitzaldia eman zuen eta esan zuen herriari eman behar zaiola aukera erabakitzeko zein sistema bilketa duen nahiago. Gaineratu zuen bosgarren edukiontzia duten herrietan emaitza oso onak lortzen ari direla eta atez atekoak bilketaren zati bat besterik ez duela kontuan hartzen.

Eskoriatzan izan zen atzo arratsaldean Carlos Ormazabal Gipuzkoako Garapen Iraunkorreko diputatu ohia eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioko lehendakari ohia. Atez atekoa ez, bosgarren edukiontzia bai izenburuko hitzaldia eman zuen eta kultura etxeko aretoa herritarrez bete zen.

Urte honetako otsailaren 22an Gipuzkoako 34 udalerritako Bilduko alkateek esan zuten atez atekoa ezarriko zutela beraien herrietan, eta ordutik, Ormazabalek Gipuzkoako herrietan 31 hitzaldi eman ditu gai hori hizpide hartuta.

Atzo, esan moduan, Eskoriatzan izan zen eta bere helburua izan zen hondakin bilketa ereduak herritarrei azaltzea. Esan zuen oso argi dutela bailara honetan eta baita beste batzuetan ere azkeneko legealdian bosgarren edukiontzia jartzeko aukera ez zaiela herritarrei jarri. Eta, ezker abertzaletik herritarrei galdetu gabe hartu dutela atez atekoa jartzeko erabakia.

Ormazabalek salatu zuen baita ere atez atekoak bilketaren zati bat besterik ez duela hartzen kontuan eta gaineratu zuen bosgarren edukiontzia duten hainbat herritan emaitza oso onak lortzen ari direla, esaterako, Beasainen, Ordizian eta Lazkaon.

Gaineratu zuen atez atekoa jarri behar duten hainbat herritan erabaki horren kontra dauden plataformak sortu dituztela eta sinadurak batzen ari direla.

Horregatik guztiagatik, Ormazabalek esan zuen herriari eman behar zaiola aukera erabakitzeko zein bilketa sistema duen nahiago eta gaineratu zuen urriaren 21eko hauteskundeak direla-eta jendeak ondo pentsatu beharko duela zer den benetan nahi duena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak