Udalgintzan aritu zinen lehenengo aldia izan zen?
Bai. Herri Batasunaren legez kanporatzea zela-eta proposamena egin zidaten. Ondo iruditu zitzaidan eta baiezkoa eman nuen. Eskoriatzaren alde ahal nuen neurrian, behintzat, lan egiteko prest nengoela esan nien.
Nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia polita, gogorra eta aberasgarria ere bai. Askotan, kanpotik oso erraz kritikatzen dugu Udalean dauden pertsonek egiten dituzten ekintzak. Baina barruan zaudenean konturatzen zara ez dela kanpotik ematen duen bezain erraza Udaleko jarduna eta bertako proiektuak aurrera ateratzea. Dena dela, esperientzia polita izan zen.
Aberasgarria izan zela ere esan duzu...
Bai. Jendearekin beste harreman mota bat izaten duzu eta beste ikuspegi batzuk ere ezagutzen dituzu, eta hori aberasgarria dela uste dut. Nahiz eta, beharbada, ados ez egon, beste ikuspegi batzuk ere badaudela ikusten duzu.
Nola gogoratzen dituzu 1999ko hauteskundeak?
Ordura arte EAk alkatetza izan zuen hamabi urtean eta aurretik EAJ egon zen Udalean. Urte askoren ostean ezker abertzaleak alkatetza lortzen zuen lehenengo urtea izan zen. Sorpresa izan zen, ez genuen uste irabaziko genuenik. Bagenekien oso urrun ez ginela egongo, baina irabazterik ez genuen espero. Hori horrela, arduraz hartu genuen agintaldia.
Nola gelditu zen udalbatza?
Edorta Zubizarreta izan zen alkate. Ezker abertzaleak bost zinegotzi zituen, EAk bi, EAJk bat, EBk bat, PSE-EEk bat eta Elizateek beste bat.
Nola gogoratzen dituzu beste alderdietako ordezkariekin harremanak?
Alkatetza lortu genuenean Udalaren jarduna apur bat aldatzea erabaki genuen, eta pisu handiagoa eman genien batzordeei. Lau batzorde handi osatu genituen eta bakoitzak bere azpibatzordeak zituen. Modu horretan, osoko bilkurak nahiko arinak izaten ziren, gai gehienak batzordeetan landuta eta eztabaidatuta eramaten genituen osoko bilkurara.
Kultura zinegotzi izan zinen, ezta?
Bai. Kultura batzordeburu nintzen eta nere ardurapean zeuden azpibatzordeak ziren Kultura, Jaiak eta Kirola.
Zure gustuko alorra izan zen.
Bai. Gustura egon nintzen. Udaleko langileek ere lan oso ona egin zuten; gu hasiberri samarrak ginen. Oso gustura egon nintzen.
Zein izan zen zuen agintaldiko proiektu garrantzitsuena?
Proiektu dezente atera genituen aurrera, baina nik uste dut adierazgarriena udaletxearen zaharberritzea izan zela. Egoera ekonomikoa beste bat zen, noski. Gure agintaldian udaletxetik kanpo egon ginen, beste lokal txiki batean. Dena dela, udaletxe berria ia ez genuen ezagutu ere egin, hilabete bakarrik egon ginen han. Kultura arloan, bestetik, liburutegia ere tokiz aldatu genuen, eta modernizatu egin genuen, ordenagailuak ipini eta beste bizitza bat eman genion.
Udaletxera joaten zaretenean, hortaz, gogora etorriko zaizue zeuek eraberritu zenutela.
Ni Kultura batzordean nengoen eta ez nengoen obren gainean sartuta, baina, azken finean, batzordeetan-eta asko irteten zen gaia zen. Gaur egun udaletxera joaten garenean pentsatzen dut: "Kontxo! Udaletxe hau guk eraberritu genuen, baina ezin izan genuen erabili".
Kultura alorrean ze proiektu gogoratzen dituzu?
Udaletxera iritsi ginenean kultura arloa indartzea erabaki genuen, eta Udaleko Kultura teknikaria lanaldi erditik osora pasatu genuen. Horrekin proiektu gehiago egin ahal izan genituen. Esate baterako, formatu txikiko antzerki eta bakarrizketak egiten hasi ginen oso modu xumean, eta gero, unibertsitatearekin adostasunera iritsi ginen eta unibertsitateko aretoan egiten genituen. Gaur egun, oraindik ere hilean behin egiten dira horrelako ekitaldiak eta jendeak parte hartzen du, eta hori poztekoa da. Hain justu ere, horrelako ekimenetatik sortu zen erabilera askotariko aretoaren beharra.
Udal jarduna jarraitzen duzu gaur egun?
Egia esan, lehen, jarraitzen nuen, baina udaletxetik pasatu ondoren ez horrenbeste. Ez dakit nola esan, baina gure agintaldiaren bukaera nahiko tristea izan zen eta sentsazio gazi-gozoarekin utzi genuen udaletxea. Ez genuen aukerarik izan gure lanaren jarraipena egiteko. Hori ukatu egin ziguten.