Xamurtasunean eroso

Maider Arregi 2012ko uzt. 15a, 15:00

Eszenatoki ederrak eta gau giro paregabeak lagunduz gero, edozein zuzenekorekin gozatzea errazagoa dela ezin ukatu. Hala ere, beti da plazera euskal kantagintzaren maisuak entzutea udako edozein gauetan. Zapatuan, 100 lagun inguruk gozatu zuten Mikel Urdangarinen mezu esplizitu eta inplizituekin Eskoriatzan.


Oraingoan baina, bidelagun aparta bilatu du Mikel Urdangarinek. Maisuetan maisua, Rafa Rueda gitarra elektrikoaz lagun izan zuen-eta. Txakur zaharrak dira, eta badakite ikusleari zer gustatzen zaion... nola moldatu eta zein jarrera eduki oholtza gainean. Errepertorioa aldiz, ezin zabalagoa bakoitzak eta biak elkarrekin badaude zer esanik ez. Baina oraingoan, Mikeli barru-barrutik ateratzen zaizkion hitzak entzuteko gaua zen. Ziurrenik barruko horien testigu zuzena Rafa bera ere izan da.
Kantuak berez sortzen zaizkiola ematen du, ez diola trabarik jartzen barrutik darion musikari. Erraz entzuten dira haren kantak, nahiz eta konposizio lan handia egon atzean. Eroso sentitzen da gitarra esku artean, zuzen zuzenean abestuz. Eta publikoak hori igarri egiten du. Bien arteko konplizitate usaia ere agerikoa da; horrek zalantza gabe edozein musikariri laguntzen dio xamurtasunean eroso egoten.
Hamaika lan
Mikel Urdangarinen kantuak oso gertukoak egiten zaizkigu eta lehen estrofan kantatzera animatzen gara. Euskal kantagintzaren olatu berri gisa bataiatu dute askok, baina Espilue lanarekin entzule kopurua handitu ez ezik, euskal kantagintzara egindako ekarpenak finkatu ditu Zornotzarrak. Dagoeneko hamaika lan ditu bere bizkarrean.
Atzokoan abesti berrienak eta 18 urte zituela Eskozian idatzitako bakarren bat ere entzuteko aukera izan genuen. Eta nola ez oilo ipurdia jartzen duen Martxa baten lehen nota abesti mamitsua eta sakona, Mikel Laboari zor dioguna eta askori malkoa eragiten diona.
Aipatu, Aitor Etxeberria soinuan bikain ikusi genuela beste behin aparteko lana eginez, zuzenekoa borobiltzen lagunduz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak