Markezen eta Martikorenaren eskutik, hasiera bikaina izan du aurtengo Errekan Gorak

Txomin Madina Milikua 2012ko uzt. 7a, 14:33

Bi bakarlariek indarrak batu zituzten atzo Eskoriatzako Huheziko klaustroan eskainitako kontzertuan. Gau giro bikainean eta bakarka zein elkarrekin, txundituta utzi zituzten klaustroa bete zuten ikusleak.

Aitzorrotz elkarteak aurten bosgarren urtez abiarazi duen Errekan Gora ekimenak euskal kantugintzako bi izen handi batu zituen lehenengo hitzorduan: Mikel Markez eta Erramun Martikorena. Ospe handiko izenak, atzoko kontzertuan hutsik egin ez zutenak. Askotan horrelako ekimenen etsai izan ohi den eguraldiak ere lagundu zuen; gau giro bikaina egiten zuen Huheziko klaustroan, eta gau giroari lekuaren beraren xarma batuz gero, gutxi gehiago eska zitekeen.

Emanaldiak iraun zuen ordu eta hiru laurden inguruan banaka zein binaka aritu ziren bi abeslariak, Martikorena bera ia beti Markezen gitarrak eta ahotsak lagunduta. Bi abeslariez gain, ezin ahaztu lagun izan zituzten Arkaitz Miner, gitarra eta biolinarekin; eta  Pello Ramirez, akordeoi eta biolontxeloarekin.

Bakarka eta elkarrekin

Aspaldi ikasitako bertso zaharrak abestuz hasi zuen emanaldia baxenafarrak, eta bere ibilbidean zehar ezagun egindako hainbat doinurekin jarraitu zuen Errenteriakoak, besteak beste Jokin Sorozabalen hitzak dituen Olentzero Business Center edo Beñat Sarasola bertsolariak idatzitako Osten dira. Umore ukituak ere ez ziren falta izan Markezen aldetik, euskara eta gaztelera uztartzen dituen  Aiako abesti herrikoi bat kantatu zuenean esaterako. Txistuan zein kantuan, baina publikoaren laguntza ere eskatu zuten behin baino gehiagotan.

Bertsioak ere ez ziren falta izan kontzertuan zehar, Benito Lertxundiren Erribera  edo Markezek eta Martikorenak a capella abestu zuten Pier Paul Bertzaizen Baratze bat, esaterako. Baita abesti berririk ere: Markezek Uxue Alberdiren hitzak dituen Konplize ditut-eta doinua aurkeztu zuen, emakumeei eskainia eta oraindik ere diskoetan agertzen ez dena.

Doinu ezagunenak, ezin falta

Kontzertuaren azken txanpan bi abeslarien doinu ezagunenetakoak entzun ziren, biek elkarrekin abestu zituztenak. Hamabost urte zituenean idatzitako kantua bezala aurkeztu zuen Markezek Zure begiek, eta ordutik denbora pasa den arren, publikoak oraindik ere ondo asko gogoratzen duela argi geratu zen atzo Eskoriatzan. Gauza bera esan daiteke Xabier Leteren Xalbadorren Heriotzean piezaren inguruan: Erramun Martikorenaren ikurretako bat bihurtua, lehen notak entzun orduko ikuslea txaloka hasi zen atzokoan.  Abesti ezin aproposagoa erabili zuten kontzertua amaitzeko: John Zaharra, letrak berak dioen moduan, etxerako bidea alaitzeko kanta. Eta seguru horrelaxe, alai eta gau ederra pasa izandako sentipenarekin irtengo zirela atzokoan kontzertutik bertara joandako ikusentzuleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak