Nolatan sortu duzue Zero Zabor taldea Eskoriatzan?
ZZ taldea orain dela gutxi sortu da Eskoriatzan, eta Debagoieneko beste herriekin batera bat egiten dugu ZZ filosofiarekin. Gizarte eredu jasangarriagoa posible dela sinesten dugun herritarrak gara.
Zein da zuen asmoa?
Epe motzean, hondakinen arazoa da daukagun erronkarik larriena, eta horri irtenbide egokiena bilatu behar zaiola kontziente izan behar dugu. Gaur egungo sortu erabili–bota eredu linealaren aurrean, beste eredu baterantz joan behar dugu; produktuak berrerabili eta birziklatzeko diseinatu behar ditugu, baldintza horiek betetzen ez dituzten produktuei bi aukera utzita: hain justu ere, birdiseinatu edo sistematik kanpo utzi. Bitartean, sortzen ditugun hondakin eta zaborrei irtenbidea eman behar zaie, eta atez atekoa da momentu honetan hori lortuko duen sistema egokiena, gure ustez. Hortaz, epe motzean, zabor gutxiago zelan sortu erakustea da gure asmoa, eta horren inguruko informazioa zabaltzeko asmoa dugu, besteak beste.
Zeintzuk izango dira hemendik aurrerako lan ildoak?
Aste batzuk badira hitzaldiekin hasi ginela, hondakinek sortzen duten arazoen inguruan. Esaterako, martxoaren 27an eta 28an, Zaborrak guk sortu, guk kudeatu lelopean, hitzaldi bikoitza eskaini genuen, zaborraren kudeaketak azken hamarkadan bailaran eta Gipuzkoan izandako bilakaeraren berri emateko. Bide batez, taldearen aurkezpena ere egin genuen. Ildo horrekin jarraituz, hitzaldi eta erakusketak egiteko asmoa daukagu, apirila eta maiatza bitartean. Gero, urtean zehar, informazio zehatzagoa zabaldu nahi dugu atez ateko bilketaren inguruan, datorren urtean martxan jartzeko aukera dagoelako. Taldea astero biltzen da eta esan beharrik ez dago zabalik dagoela nahi duenak parte hartu ahal izateko, informazioa jasotzeko edo ekarpenak egiteko, esaterako.
Debagoieneko Mankomunitateak esku artean dituen datuek diote Eskoriatza dela eskualdetik gutxien birziklatzen duen herria. Atez atekoarekin kopuru horrek gora egingo duela uste duzue?
Bai, hala erakusten dute sistema hau ezarrita dauden herrietako datuek. Atez atekoarekin zabor kopurua gutxitu egiten da eta hondakinen birziklatze maila igotzea lortzen da.