Eskoriatza da Debagoienean gutxien birziklatzen duen herria

Mirian Biteri 2012ko martxoaren 23a

Pil-pilean dago Eskoriatzako Udalean eta baita herrian ere hiri hondakinen gaia. Bilduk asteon kaleratu duen ohar batean ohartarazi du Eskoriatzan sortzen den hondakinen %30,12 bakarrik birziklatzen direla gaur egun; Mankomunitateak eskainitako datuen arabera, bailaran gutxien birziklatzen duen herria da.

 

Joan den astean Udalean egindako osoko bilkuran, Ezker Anitza taldeak aurkeztutako mozioa onartu zuten, alderdi horren eta Bilduren aldeko botoekin. Ezker Anitzak, besteak beste, "informazio egiazkoa zabaltzea herritarrei" eta hiri hondakinak tratatzeko eta, hortaz, jasotzeko, "alternatiba guztiak mahaiaren gainean" jartzea proposatu zuen. 

 

Esan bezala, Bilduk horren gaineko prentsa-oharra kaleratu du asteon. Udalak Zero Zabor filosofiarekin bat egiten duela eta, horren harira, datozen hilabeteotan hainbat neurri eta ekintza garatuko dituela iragarri du, Debagoieneko Mankomunitatearekin batera: batetik, hondakinak murrizte eta berrerabiltze aldera hainbat proiektu martxan jarriko direla aipatu du, hala nola autokonpost kanpaina edo ontzi berrerabilgarrien banaketa; bestetik, kontzientziazio eta komunikazio kanpaina egingo dute. 

Gogorarazi du zabor poltsaren ia erdia hondakin organikoak direla, eta horiek gaika biltzea "ezinbestekoa" dela. Horrela, %30etik %65eraino igotzea dela asmoa eta birziklatze tasa handienak bermatzen dituen bilketa sistema atez atekoa dela nabarmendu du.  

Auzoz auzo batzarra

Atez atekoa "inposizioa" dela esaten dutenei ere erantzun nahi izan die. Horren harira, azaldu du herritar guztiei zabalduko zaiela informazioa. Beñat Herce alkateak honakoa esan du: "Eztabaida-guneak sortuko dira eta auzoz auzo ibiliko gara. Hondakinen kudeaketa egun nolakoa den eta honek sortutako arazoei nola aurre egin azalduko dugu". 

Atez atekoa ezartzeko erabakia maiatz amaierako osoko bilkuran eztabaidatuko dela jakinarazi, eta ordura arte hitzaldiak eta herri batzarrak deituko dituztela nabarmendu du. Horren harira, honakoa dio: "Atez ateko sistema ezartzeko erabakia hartuz gero, eta Mankomunitatetik definitutako plangintza jarraituz, 2013ko irail inguruan ezarriko litzateke gure herrian". Alkatearen arabera, hilabete asko daude aurretik "guztion artean" sistema erabakitzeko; hain justu ere, egutegia, ordutegia, kokalekuak, larrialdi-guneak, landa-guneetarako bilketa-guneak eta bestelakoak. Parte-hartze prozesua azaldu ostean, atez atekoaren sistemaren aurkako beste hainbat mezu "alarmistaz" ere jardun gura izan du. Zikina dela esaten dutenei honakoa erantzun die: "Eskoriatzan lurpeko edukiontzi asko ustelduta daude, ezin dira garbitu eta arratoiak daude. Lur azpian dagoen zaborra ez dugu ikusten, baina arazoa hortxe dago". 

Atez atekoaren sistema hori garestiagoa dela ere gezurtatu du. Hondakinen kudeaketa integrala hartuz gero, merkeagoa dela aipatu du. Horren harira, esan du gaika biltzearen kostuak handiagoak badira ere, sailkatuta batzeak hondakinen tratamendurako kostuak "asko" murriztuko dituela. Horrez gain, bildutako material handitzeak horien salmentatik datozen sarreren igoera ere ekarriko duela esan du. Azkenik, deserosoa dela ere arbuiatu du Bilduk. Gogorarazi du orain ere zaborra ateratzeko ordutegiak eta ordutegiak daudela, eta, lehendik birziklatuz gero, "oso erraza" dela.

Berbaldiak martitzenean eta eguaztenean

Bestalde, Eskoriatzako Zero Zabor taldeak hitzaldiak antolatu ditu datorren asterako Udalaren laguntzarekin. Martitzenean, hilak 27, Zaborra: guk sortu, guk kudeatu berbaldia egingo dute, euskaraz; eta eguaztenean gaztelaniaz egingo dute, Basura: nosotros generamos, nosotros gestionamos lelopean. Ibarraundi museoan izango dira batzar horiek, 19:00etan.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak