Sindikatuek greba orokorra deitu dute martxoaren 29rako. Zer deritzozu?
Sindikatuak behartuta zeuden greba orokorra deitzera. Eta hasiera besterik ez da. Lan merkatua aldatzeko sindikatuei bota dizkieten pultsu guztiak galdu dituzte gobernuek. Lan merkatuari eustea da sindikatuen helburua. Sindikatuak gustura daude lana duten langileak eta, horien artean, lan ziurrena dutenen eskubideak babesten: funtzionarioak, aurrezki kutxetako langileak...
Oraingoan ere irabazle aterako dira?
Ikusi behar zer gertatzen den ekonomia krisi gogor honetan. Gaur egun, sindikatuen negoziazio marjina txikia da. Urte amaierarako, 6 milioi langabe izango dira, eta, lan erreformarik egiten ez bada edo soldaten igoerari frenorik jartzen ez bazaio eta soldatak, kasu batzuetan, jaisten ez badira, ez dugu urteetan sortuko lanik.
Soldatak murriztu egin behar dira?
2000. eta 2009. urteen artean, soldatak produktibitatearen gainetik 30 puntu hazi ziren. Hori suizida da. Higiezinen burbuilak eztanda egiten duenean eta ekonomiaren pizgarri izateari utzi dioenean, agerian geratu da soldaten eta produktibitatearen arteko desoreka. Desoreka hori ordainketa-balantzan agerian geratu zen. Eta ikusi da ez garela lehiakorrak. Eta hori arazo handia da. Izan ere, krisitik ateratzeko modu bakarra da esportazioa: Espainiari begira bagaude, ez gara aterako. Eta esportatzeko lehiakorrak izan behar dugu. Kalitate-prezio oreka egokia izan behar dugu eta hori galdu egin dugu azkeneko 10 urteotan. Hortaz, edo orekatzen dugu hori, edo produktibitatea hobetzeko neurria izango da enplegua galtzea.
Udaletan eta beste erakunde publiko batzuetan soldata igoerak-eta proposatzeari zer deritzozu?
Absurdua da. Lehenbizi, erakunde publikoek ez dituzte errekurtsoak horri eusteko. Bigarrenez, sektore publikoen soldatak lan orduko ia-ia %50 handiagoak dira.
Funtzionario edo erakunde publikoko langile gehiegi dago?
Bai. Ez dut esaten ez dagoela justifikatuta, gizarte ongizateari-eta eutsi nahi badiogu, baina argi dago ekonomiak, gaur egun dagoen moduan, ez duela soportatzen horrenbeste funtzionariorik.
Raxoiren Lan erreforma ze iruditzen zaizu?
Beharrezkoa da. Horrek esan nahi du langileen kaleratzea merkatu egin behar dela. Baina lan erreforma enpresaburuek aplikatu beharko dute eta nik ez daukat horren garbi hauek bukaeraraino ailegatuko direnik, ez dakit ausartuko diren, oso neurri gogorrak hartu beharko dituzte-eta.
Eduardo Zubiaurre Adegiko presidenteak txalotu egin berri du PPren lan erreforma.
Bai. Helburu baikorrenetan ere, ez luke amestuko PPk proposatu duen lan erreformaren modukorik. Azkeneko 35 urteotan, hemen, lan merkatua sindikatuen alde egon da. Negoziatzeko ahalmen handia izan dute, eta, langabezia tasa handiekin ere, soldatek gora eta gora egin dute. Orain, joko arauak aldatu egin dira, eta enpresaburuen esku geratzen da negoziatzeko ahalmen handiena. Salmentak murriztu egin zaizkienez, lasai kaleratu ahal izango dituzte langileak, hauek soberan dituztelako. Soldatak jaisteko aukera ere izango dute.
Lan erreformarekin lana sortuko da?
Epe labur eta ertainean, ez. Aurreikuspenak oso txarrak dira eta lana sortu ez eta galtzen jarraituko dugu.
Lan erreforma honekin langileen eskubideak murriztu egingo dira?
Bai. Bereziki, eta hau nabarmendu nahi dut, lana duten eta lan ona duten langileen eskubideak murriztuko dira. Arazoaren sorburua zera da: langile batzuek dituzte munduko pribilegio guztiak eta beste batzuek, gazteenek, bereziki, bat bera ere ez. Ez da egoera egokia eta azkeneko urteetan hori aldatzen saiatu dira enpresaburuak.
Noiz aterako gara krisitik?
Jakingo banu… Euskal Autonomia Erkidegoak baditu arazoak, baina Espainiak, bereziki, lau arazo nagusi: batetik, higiezinen burbuila; bestetik, finantza erakundeen krisia, praktikan, kiebra eginda; horretaz gain, fiskalitatearen krisia, defizit handiarekin, eta, azkenik, lehiakortasun arazoa. Arazo horiek konpondu behar dira ekonomia haz dadin eta prozesua oso geldo doa.
Data bat?
Zerbait esatearren, 2015ean? Batzuek diote 2017an aterako garela krisitik.
Ezagutu dugun krisirik gogorrena da hau?
Bai, zalantzarik barik. Hiru krisi handi ezagutu ditut. Lehen, pezeta debaluatzen zen eta krisitik ateratzen ginen. Pobreagoak izango ginen, baina lehiakortasuna irabazten genuen pezeta debaluatzearekin. Orain, euroak izorratzen gaitu. Lehiakorrak izateko kostuak murriztu behar ditugu eta gauzak ondo egin.
Euroa ez da mauka, hortaz...
Izan zitekeen. Gustura hartu genuen. Abantaila zen, merkatuen bateratzearen ikuspegitik. Baina ez genuen jakin aurreikusten zer gertatuko zen herrialde erabat ezberdinen arteko simetriarekin, non, batetik, ditugun Alemania bezalako jatorri protestanteko herrialde serio, efiziente, arduratsuak, eta, bestetik, izaera latinoko Espainia eta Italia moduko herrialde mediterraniarrak.
Euroaren etorkizuna zalantzan dago?
Batzuek diote amaituko dela. Nire ustez, Grezia edo Portugal bezalako herrialdeek hobe lukete Eurotik irten, ze Europaren barruan gorriak pasatuko baitituzte.
Moneta debaluatzerik ezin orain…
Hori da. Lehen txarto ohituta geunden. Gauzak txarto egiten genituela, bada, moneta debaluatu eta berriro ere lehiakor, Alemaniarekiko edo Europako herrialde aurreratuekiko, esaterako, txiroagoak izan arren. Hori amaitu da!
Merkelen jarreraren gainean ze iritzi?
Batetik, arrazoi puntua du. Sektore publikoak soila izan behar du eta defizita kantzerra modukoa da. Baina, jakina, krisi latz honen erdian, horrelako doikuntza gogorrak egitea eta defizitari aurre egiteko halako neurri zorrotzak hartzea ere oso gogorra da.
Kooperatibak zelan ikusten dituzu?
Batzuk etorkizun handiarekin, ondo kokatuta daudelako nazioartean: Danobat, Orona… Neurri ertain edo txikikoak hobeto ikusten ditut. Handiagoak okerrago; bereziki, Eroski edo Fagor.
Etxetresnak hemen egiten segitu behar dugu?
Goi mailako etxetresnak, domotikoak-eta, bai; baina garbigailu arruntak edo linea zurikoak? Ez du zentzu handirik. Hobe Polonian Garagartzan baino.
Euskadiko Kutxa?
Ondo ikusten dut. Kutxa gazte samarra da, eta ez oso astuna. Balantzeak garbi ditu. Txikia dela? Bai, hori ez da txarra, lehiakorra bada. Gainera, finantza erakundeak erosteko aukera irekiko zaio.