Miren Artetxe: "Hedabideak dira gure komunitateak munduari begira duen leihotxoa"

Mirari Altube Arrese 2012ko ots. 22a, 16:45

Garabide elkarteak Euskararen berreskuratzea (III) Hedabideak liburuxka aurkeztu du egunotan. Hendaiako Miren Artetxe dabil azken lau hilabeteotan Eskoriatzan egoitza duen elkarteko proiektuak koordinatzen eta bideratzen. Hain zuzen, Hego Amerikako hainbat komunitaterekin dabiltza lanean hizkuntzen berreskurapenean.

Hizkuntza gutxituen biziberritzean hedabideek izan dezaketen eragina aztertu duzue liburuxka horretan. Euskaraz lan egiten duten hedabideen gaineko hausnarketa da?
Liburuxka horrek bi hartzaile potentzial ditu: batetik, hizkuntza gutxituen berreskurapenean lanean dabiltzan eragile edo erakundeak. Batez ere, Hego Amerikako komunitateak; eta bestetik, euskaldunak. Eta bi hartzaile dituenez, bi aspektu hartu dira kontuan: batetik, euskal hedabideen laburpentxo bat da; eta bestetik, jakinda zein ibilbide izan duten hedabide horiek, hau da, arrakastak eta hanka-sartzeak, hizkuntzaren berreskurapenean eragina duten gakoak jaso dira, beste komunitate batzuek erabili ahal izateko.

Eta ondorioztatu duzue hedabideek zeresan handia dutela hizkuntzen berreskurapen prozesuetan.
Liburuxkaren bukaeran sintesia egin dugu hamar bat punturekin. Ondorioetako bat aipatzearren, esan behar da hedabideak direla gure komunitatearen leihotxoa, bai munduko kontuak sartzen zaizkigun leihoa, bai gu munduaren aurrean aurkezteko leihoa. Gure gutasunaren eraketan daukan garrantziagatik eta gure ezagutza eta gure hizkuntza besteei erakusteko modu bat delako daukate, hain zuzen, garrantzia.
Hizkuntzen berreskurapenean beste gakoetako bat izango litzateke hizkuntza estandarra; hori sortzeko ikusi da garrantzia dutela hezkuntzak eta hedabideek, gizartean mamitzen diren hitz berriak hedabideen bitartez zabaltzen direlako. Eta gurekin lanean dabiltzan hegoaldeko komunitateek ikusi dute komunikabideen esparrua estrategikoa dela; Ekuadorko kitxuek, esaterako, apustu garrantzitsua egingo dute horiek garatzeko.

Hedabideen garapen hori hamarraldi bakoitzeko beharrei adi egonda eta aukerak aprobetxatuta lortu dela diozue.
Hemengo esperientzien berri ematen dugunean, badirudi euskaraz bizi izatea normala dela gurean, eta ikastolen edo komunikabideen hasierako egoerak ezin ditugu erakutsi. Baina euskaldunok adi egon garela transmititzen saiatzen gara gurekin lanean dabiltzan komunitateei, adi momentuko aukera eta zirrikituetara; izan ere, gizarteak egin du lanik handiena, ezeren zain egon barik.

Euskarak badu etorkizunik globalizazio aro honetan?
Baietz esan beharko. Hizkuntza gutxituen alde egiten dugu lan eta sinesten dugu hizkuntza bakoitzak ordezkatu ezin den aberastasuna duela eta dibertsitate horren alde borrokatu beharra dugula; eta sinesten dugu hizkuntza bakoitzak etorkizuna izan behar duela. Baina hori baino gehiago da, guk garapenerako lankidetzan egiten dugu lan hizkuntza gutxituak dituzten komunitateak indartu nahian, eta iruditzen zaigu hizkuntzak elkartasuna sortzen duela bakoitzaren komunitatean, autoestimuan eragina duela eta norberaren hizkuntzan bizi ahal izateak indarra ematen duela edozein erronkari aurre egiteko.

Liburuxka hau proiektu zabalago baten zatia da, Euskararen Berreskuratze bilduma. Proiektu horretan geratuko da jasota orain arte euskalgintzan egindako lan guztia?
Ez. Mila gauza egin dira han eta hemen, eta ezin dena jaso. Lehenengo lana izan zen gakoak sintetizatzea, gure hizkuntzaren biziberritzean izandako gakoak: hedabideak, hizkuntzaren estandarizazioa, hezkuntza, kultura produkzioa… Eta hasi ginen monografikoak argitaratzen. Iaz hizkuntzaren estandarizazioaren gainekoa egin genuen, bigarrena hedabideen gaineko hau da, eta aurten egin gura da hezkuntzaren gainekoa. Horrekin borobildu egingo genuke proiektua. Hortik aurrerakorik ez dakigu.

Hezkuntzari eskainitako monografiko horretan zer jasoko duzue?
Sintesi lan asko daude eginda hezkuntzaren gainean. Lehenengo fase batean gurako genuke lan egiten dugun komunitate horiekin adostu: zein interes duten, zein arlo landu gura duten… Izan ere, euskaldunendako badaude mila lan eginda.

Hego Amerikako zein komunitaterekin zabiltzate lanean?
Hainbatekin ibili gara azken urteotan eta egun gabiltza: Guatemalan, maia kaktxikelekin; Ekuadorren, kitxua komunitatearekin; Bolivian, kitxua eta aimarekin; Txilen, maputxeekin; eta Mexikon, naualt eta maia komunitateekin.

Hortaz, helburua ez da bakarrik euskararen berreskurapenean egindako lana jasotzea, komunitate horiendako lana ere bada, ezta?
Horixe; gure esperientzia jasotzen gabiltza, gero, haiek gura dutena hartzeko hortik. Guk ezin diogu inori esan zer egin edo nondik jo; guk geure akatsak eta arrakastak ditugu eta horrekin goaz haiengana. Baina argi dugu gure adibidea mugatua dela, eta gogoeta egiteko bidea bakarrik dela.

Eta komunitate horiek zer diote?
Esperientzia interesgarria da haiendako, ikusten dutelako mendebalekoak izan arren indigenak garela eta gure hizkuntza eta kultura zapalduta daudela. Gure ikuspegitik hizkuntza da gure izaeraren eta euskalduntasunaren muina. Haiendako, ostera, ez da horrela; kitxua izatea, esaterako, ez da bakarrik hala berba egitea, janzteko era bat da, estetika bat, mundua ikusteko era bat… Kaktxikela izatea, ostera, artoa landatzeko era bat da, harremanak izateko era bat… Hizkuntzaren diskurtsoarekin joaten gara gu, eta haiek beste ikuspegi bat dute; hizkuntzari bakarrik ez dietelako begiratzen.

Hortaz, geuk ere asko daukagu ikasteko komunitate horiengandik.
Bai, horixe, baina ez dugu sinesten ezer ikasteko dugunik. Haiengandik jaso genezake: bizitza ikusteko era, denbora eta espazioa ulertzeko era, ondo bizi izatea zer den…

Garabideren proiekturik ezagunenetakoa Truke Programa da. Arrakasta izaten segitzen du?
Bai, lau Truke Programa egin dira eta iaz, lehenengoz, luzatu egin zen iraupena. Hiru astean beharrean hiru hilabetean egon ziren gure artean, hemengo esperientziak ikusi ondoren euren esperientzietara aplikagarriak izan zitezkeen gakoak identifikatzeko. Horregatik, aditu titulu bat antolatu zen Huhezirekin elkarlanean. Hona datozen kideek izugarrizko indarra hartzen dute.

Eta gero jarraipena egiten diezue han dituzten proiektuei?
Bai, noski. Iaz 18 lagun egon ziren gure artean eta bi egunetik behin egiten dugu berba guztiekin. Aurten, gainera, inpaktu txostena egingo dugu orain arte egindako lana jasotzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak