Andoni Colás: ""Liskarrak normalak dira, eta nola konpondu erakutsi beharko genieke haurrei"

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko ots. 6a, 12:24

Luis Ezeiza ikastetxeak gonbidatuta egin zuen Eskoriatzan haurren liskarren arteko hitzaldia Andoni Colas psikologoak. Gomendio interesgarriak eman zituen.

Nola ekidin haur txikien arteko liskarrak?
Lehenik eta behin, jakin behar dugu haurren arteko liskarrak gauza normala direla; beharrezkoak dira haurren sozializaziorako. Liskarrak ekiditen baino gehiago, liskarrak nola konpondu erakutsi beharko genieke haurrei. Nik bi liskar mota bereizten ditut: anai-arreben artekoak eta adin bereko umeen artekoak. Etxean, gurasoek esku hartzen dugu; kalean, berriz, guraso gehiago gaude, eta hori da arazoa. Umeen arteko liskarrak laster pasatzen dira; asko haserretzen dira, baina gutxi irauten du haserreak. Haurren arteko liskarrak gurasoen artekoa ekartzen badu, ordea, horrek soluzio zailagoa du. Zentzuz jokatu behar dugu.

Zer da zentzuz jokatzea?
Liskarrak konpontzen erakutsi behar diegu haurrei, eta, sarri, liskarra elikatu egiten dugu gurasook. Haur batek ez daki emozioak kontrolatzen, eta liskar baten aurrean agresibitatearekin erantzungo du; ostikada, kolpea... Gurasoon lana da liskar horiek beste modu batera konpon daitezkeela erakustea, eta horretarako erreminta egokiak ematea.

Lehenengo gomendioa, orduan, beste gurasoekin ez haserretzea?
Hori da. Gure haurra bidegabe jo dutela ikusi dugunean haserretu egiten gara, eta batzuetan atentzioa ematen diogu beste haurraren gurasoari. Ez da bidea. Harengana joan eta eskatu beharko genioke arazoa konpontzen laguntzeko. Esan: "Nola konponduko dugu gure haurren arteko liskarra?". Gurasoak ez badu modu egokian erantzuten, haurren irakaslearengana jo dezakegu, eta azken neurria izan daiteke gure umeari esatea haur horrengandik banantzea; haur horrekin ez jolastea. Baina haur horri beste ostikada batekin erantzutea esatea ez da liskarra konpontzea, baizik eta liskarra elikatzea. Gurasook hezi egin behar ditugu haurrak; zaindu, egin behar ditugu, eta ez kontrakoa.

Haurrak zigortzea eraginkorra dela pentsatzen duzu? 
Zigorra baliagarria da eraginkorra den heinean, eta oso gutxitan dira eraginkorrak. Umearen nortasunak ere zerikusi handia du kontu horretan; batzuk ez dira batere larritzen. Nire ustez portaera aldatzeko neurri hobeak badaude, baina kontuan hartu zigorrak beti berehalakoa, neurrikoa eta zigortutako portaerarekin zerikusia duena behar duela. Beti esaten dut zigorra buruarekin ipini behar dela, ez tripekin.

Eta anai-arreben arteko liskarrak konpontzeko ze aholku emango zeniguke?
Harreman hori oso berezia da, karga emozional oso handikoa delako. Etxean liskar batean ariko dira, baina kanpoan elkar babestuko dute. Hainbat esperimentu egin dira gai horren inguruan eta neurririk eraginkorrena etxeko guztiek konpromiso bera hartzea da: "Etxe honetan ez dira liskarrak onartuko eta beti moztuko dira". Oso garrantzitsua da beti moztea, eta gurasoek ere haurrak errespetatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak