Iñaki Madinabeitia, Eskoriatzako Elizateetako hautagaia: "Elizateen beharrak asetzearekin batera, korporazioan lidergoa duen taldeari laguntzen diogu"

Mirian Biteri 2011ko api. 25a, 10:00

Eskoriatzako Elizateek eta auzoak dituzten arazoak konpondu eta beharrak asetzeko asmoz aurkeztu da iñaki Madinabeitia datozen udal hauteskundeetan. Teorikoki gainerako eskoriatzarren dituzten eskubide berak badituzte ere, Elizateak ahaztuta daudela uste du. Horren harira, bere errealitatearekin konprometitua dagoen Eskoriatzarekin amets egiten duela esan digu.

Soslaia

Orain dela 64 urte jaio zen Eskoriatzako Mendiola elizatean. Ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu. 30 urte inguru eman ditu hezkuntza arloan lan egiten. Aurretik ere zinegotzi moduan jardun du; hain justu ere, 1987tik 1991ra bitarteko agintaldian Elizateetako zinegotzia izan zen.

 

1987tik 1991rako zinegotzi kargua errepikatzeko asmoa duzu. Zelan gogoratzen duzu agintaldi hura?

Oso oroitzapen positiboa daukat; agintaldi lasaia izan zen, lasai egin genuen lan; gainera, udalbatzako kideen arteko harremana ere ona izan zen.

Zein da Elizateetako programa datozen hauteskundeei begira?

Gure sistemak edo planteamenduak ez dauka zerikusirik gainerako alderdi politikoek dituzten helburuekin. Ez dugu udalerriak dituen arazoak konpontzeko asmorik, nahikoa daukagu udalerriko elizateetakoekin. Hori da gure helburua: elizateek dituzten arazoak edo beharrak konpontzea.

Dena dela, horrek ez du esan nahi udalerriko bestelako gaien inguruan lan egin behar ez dugunik. Horren erakusle da askotan Elizateetako zinegotziak, dagokion batzordeko arduradun izateaz gain, bestelako batzordeetako arduraduna eta bokala ere izan dela. Horren harira, azken agintaldian, Udaleko gai garrantzitsuen bideratzean giltza izan du behin baino gehiagotan Elizateetako zinegotziak. Hortaz, korporazioan lidergoa duen taldeari laguntzen diogu. Hori da gure programa.

Zeintzuk dira elizateen behar nagusienak?

Oso luzea da zerrenda hori, elizateak sakabanatuta daudelako eta ematen dizkieten zerbitzuak bigarren mailakoak direlako. Azpiegituren gaineko zerbitzu guztiak hirigunera orientatuta daude: ura, telebista seinalea, errepideen asfaltatzea, herriko argiak, Internet, suteen kontrako azpiegiturak… Baserri guztiek ez dituzte esandako azpiegitura horiek. Zer esanik ez osasunarekin, kulturarekin, aisialdiarekin eta kirolarekin lotutako ekimenak. Bestalde, garraio publikoa ez da existitzen.

Hortaz, teorikoki gainerako eskoriatzarrek dituzten eskubide berak baditugu ere, gurekin ez dela inor gogoratzen azalarazteko ere egin behar dugu lan. Udalean egongo ez bagina, askoz okerrago egongo ginateke.
Eta hori, baserrien ekonomiaren berezko beharrak ukitu barik: nekazaritza eta hortik ateratako produktuen merkaturatzea, basoen ustiapena eta Aizkorri-Aratz parke naturalaren gaia, basoko bideen mantenua eta hobekuntzak...

Norbaitek badaki Abiadura Handiko Trenaren obrak elizateetan ditugula? Lan horiek egiten dituzten elizateetan ederto dakite hori, horiek eragindakoak jasaten ari dira-eta! Zeinek ez du erabili Eskoriatzatik pasatzen den autobidea? Autobide hori eraikitzeko lanek eragindako kalteei esker, zaila da oraindik hainbat baserritara iristea!


Zeintzuk dira eskoriatzarren beharrak?

Elizateak eta Eskoriatza ez dira bereiztu behar. Elizateak ez dira Eskoriatza? Beharrak berberak dira: etxebizitza, zaharren egoitza, etxebizitzen eta industrien urbanizazioak, gazteak, espaloiak, gazte nahiz nagusiendako aisialdia, merkataritza…

Alkate irtengo bazina, zerekin hasiko zinateke lan egiten?

Hori ez dator bat gure helburuekin. Ez dugu alkatetzarik nahi, Udalean ordezkatuta egon gaitezen bakarrik nahi dugu; baina gustatuko litzaidake eskoriatzarren pentsaera aldatzen laguntzea, udal politikaren dinamikan parte-hartzaileagoak izan daitezen. Topikoa da hainbat ordezkari aukeratzea eta gero haiekin ez kolaboratzea, eta kritikatzen eta exijitzen ibiltzea.

Nola ikusten duzu orain arte egindako lana?

Kasu puntualak albo batera utzita, nik ezagutu ditudan korporazioen lana ona eta zentzuzkoa izan da, izan dituzten baliabideak kontuan izanda.

Zer da udalerritik gehien gustatzen zaizuna?

Garapenerako aukera duela oraindik; industria, kultura, sozial zein urbanistikoki garatzeko aukera.

Eta gutxien?

Hirigintzan dena pilatzeko joera.



Zelako Eskoriatza amesten duzu?

Zabalagoa dena, denakoarekin bat datorrena eta bere errealitatearekin konprometitua dagoena; kokatuta dagoen marko geografiko klimatikoa eta bere historia eta ohiturak kontuan dituena. Horren harira, kolonizatu gaituen hiri pentsaera mediterraneo edo kontinentaletik bereiztu behar dago.

 

Gertutik

Herriko txokorik gustukoena: Atxorrotz.

Pertsonaia historikoa: Eskoriatzako Fernando.

Telebistako saio bat? Ez dut telebista ikusteko ohitura handirik. Albistegi eta animalien gaineko dokumentalak baino ez ditut ikusten. 

Sare sozialetan ibiltzen zara? Oraindik ez dute erabilgarritasuna erakutsi.

Irakurri duzun azken liburua? Jose Mari Setienen La democracia a debate.

Egunkaririk irakurtzen duzu? Informatzen duen bat ateratzen denean irakurriko dut. Oraingoak, doktrinatzen saiatzen dira.  

Ikusi duzun azken filma? Urteak pasa dira filma bat osorik ikusi nuenetik.

 Abesti bat? Txoria txori.

Mania bat? Aurkezten nautenean, bestea zein den ez esatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak