Eskoriatzako Huheziko fakultatean irakaslea da Moiua, baina, horrez gain, keinu-hizkuntzako itzultzailea ere bada. Hori horrela, egun batean erabaki zuen Zea Mays taldekoei opari bat egitea: "Negua joan da ta abestia keinu-hizkuntzara itzuli nuen eta bideo batean grabatu nuen. Danborenean kontzertua eman zutenean, amaieran, taldekideekin hitz egiten geratu nintzen. Esan nien keinu-hizkuntzako itzultzailea nintzela eta opari bat nuela haiendako. Hiru egun geroago, nirekin harremanetan ipini ziren bideoklipa grabatzeko. Asko gustatu zitzaien nire oparia", kontatu digu Moiuak.
Sentimenduak ageri-agerian
Moiuak erakutsi digu keinu-hizkuntza bidez berdin-berdin transmiti daitekeela, eta ileak puntan jarri. Aiora Renteriaren ahotsak duen indarra lortu dute Moiuaren keinuek. Bideoa ikusi dutenek sarean behin eta berriz aipatu dute Moiuaren indarra eta espresibotasuna: "Berrizko kultura etxean egin genuen grabazioa eta oso esperientzia polita izan zen. Nire onena eman nuen. Politikariak itzultzen ditudanean, esaterako, kontrolatu egin behar ditut inpultsoak eta nire tokian egon. Kasu honetan, ez nuen inolako toperik ipini eta sentitzen nuen guzti-guztia ateratzen ahalegindu nintzen. Bestela ere, esaten didate hitz egiten dudanean oso espresiboa naizela, eta horrek ere lagunduko zuen".
Sare sozialetako izar berria
Moiuaren bideoak sekulako oihartzuna lortu du Interneten eta, batez ere, sare sozialetan. Hark kontatu digu ez zuela inondik inora horrelakorik espero: "Ezta pentsatu ere. Grabatu nuenean pentsatu nuen lagunen bati-edo bidaliko niola egindako lana ikus zezaten, baina ez nuen imajinatu ere egin horrelako arrakasta izan zezakeenik. Lotsatu egiten naiz baten batek bideoa ikusi duela esaten didanean. Baina sekulako esperientzia izan da eta eskerrak eman behar dizkiot Zea Mays taldeari".