Javier Zugasti: "Eskoriatzako Udalean alderdi guztien arteko elkarlana izan da gauzarik positiboena"

Edu Mendibil 2010ko abe. 15a, 09:36

Arrasaten, Ferrerias kalean jaiotakoa den arren, 30 urte daramatza Eskoriatzan Javier Zugastik (1953). Ezkondutakoan joan zen hara bizi izatera eta Ezker Batuko lehen zinegotzia izan zen Eskoriatzako Udalean, 1995ean. Hiru agintaldi egin zituen, 2007ra arte. Alderdiaren barruan sortutako diferentziak zirela eta, ez zen azken hauteskundeetan aurkeztu. Gasteizen, Jaurlaritzako administrazioan egiten du lan eta CCOO sindikatuko liberatua da.

Alderdiko ordezkari bakarra izatean laguntza botatzen da faltan?
Ez pentsa. Gobernu barruan egon ez arren, beti ere erantzukizuna izan dugu udaletxean: enplegua dela, gazteria, gizarte zerbitzuak direla... Hain zuzen ere udaletxeko talde lana, elkarlana azpimarratuko nuke nik egindako urteetan. Udaletxeko lana herriari begira egin behar da beti, eta nahiz eta gai puntualetan desadostasunak egon, horretan saiatu gara beti. Hiru agintaldietan hiru alkate ezagutu nituen: Manu Villar (EA), Edorta Zubizarreta (HB) eta Juan Carlos Bengoa (EA) eta hiru kasuetan talde lanari eutsi genion. Eskoriatza moduko herri batendako ezinbestekoa da denon parte hartzea.
Nola iritsi zinen politikara?
Politikan bizi guztian ibili naiz..., alderdi komunistan jardundakoa. Arrasaten bazegoen taldetxo bat eta hortxe hasi nintzen. Lehenbizi, Euskadiko Ezkerrarekin aurkeztu nintzen zerrenda buru, 1991n, Eskoriatzan bertan, baina boto gutxirengatik ez genuen ordezkaritzarik lortu. Eta 1995ean Ezker Batuko ordezkari atera nintzen. Arrasaten eta Eskoriatzan ordezkaritza izatea lortu genuen orduan. 2003an Eskoriatzan bi ordezkari izatera iritsi ginen, Juan Luis Merino eta biok eta Merinok jarraitzen du gaur. Orain nahiago dut politika beste angelu batetik bizi, nahiz eta herriko kontuak gertutik jarraitu.
Udaletxean ibilitako sasoitik, zein lan nabarmenduko zenuke?
Proiektu hau edo bestea nabarmendu baino, lehen aipatutako elkarlana izan zen positiboena niretako, guztiok proiektu baten alde jardutea.
Baina, esaterako, erretiratuendako ortuak, zuek bultzatutakoa, berritzailea izan zen orduan...
Bai, nahiko erantzun polita jaso zuen egitasmo horrek 2003-2007 agintaldian, aurrekoan atzera bota baitzuten. Udalak zituen lursail batzuk partzelatu genituen eta aukera eman genien nahi zuten nagusiei beraien ortutxoa lantzeko. 80-100 m2 bitarteko partzelak ziren eta oraindik 40 bat martxan daudela esango nuke.
Udala, diru aldetik, zein egoeratan zegoen garai hartan?
Ondo. 1999an, esaterako, gogoratzen dut nahiko superabit altua genuela. Baina badakizu beti esaten dena: superabita duen udaletxea, gaizki gestionatukoa dela. Okerrena zera: horrenbeste errepikatzeaz, jendeak sinistu egiten dituela horrelakoak.
Eta dirua bazegoen, tartean enpresa txikiei laguntzeko.
Enpresa txikiak bultzatzeko diru laguntzak sortu genituen eta sortu ziren ile-apaindegiak, zapata dendak, lora-zaintza enpresak eta beste negozio txiki batzuk... Bestetik, 1995ean, langabezia tasa altua zen, %20 ingurukoa, eta langabetuen elkartea sortu genuen, Asociacion de Parados 1º de Mayo izenarekin gainera (barre)... Gabonetako pinuak saldu genituen urte hartan. Baina nahiko txisparik gabe sortu zen elkartea eta krisia bideratu zenean desagertu egin zen elkartea. Horren pena badut, agian gaur baliagarria izango zelako. Eta beste penatxo bat ere badaukat: garai batean aztertu genuen auzoetarako garraio publikoa, Transporte a la demanda deiturikoa, abian ez jartzea. Baina orokorrean pozik nago udaletxean egindakoaz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak