Pedro Lasagabaster: "2008an zuloan sartuta geunden; orain egoerara egokitzen ari gara"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko aza. 11a, 10:00

Agintaldiaren balorazioa egiteko oraindik "goizegi" dela uste du Pedro Lasagabaster alkateak.  Hainbat "une ilun eta beltz" bizi izan direla dio baina baita "une oso politak" ere. Gainera, gai ilunetan argia ikusi dela eta auziok "nahiko ondo" gainditu ei direla uste du. Une gozoekin geratzen dela esan zuen martitzenean Goiena Telebistako Magazinea saioan.

Hau da, orain arte legealdiak eman duenaren gaineko balorazio positiboa egiten du.  Hala, konturen bat zehazki nabarmentzeke, hainbat iraultza txiki eman direla aipatu zuen.

Zaharren egoitza: justizia eske
Zaharren egoitzaren auziaren sententzia ez da heldu oraindik; "laster" helduko da, Lasagabasterren arabera. Auziaren sententzia heltzen denean "justizia  egitea" espero du alkateak, "besterik ez". Sententzia Udalaren kontrakoa balitz Patronatua litzateke kaltetua, Aitor Urrutia kudeatzaile ohiak Patronatuaren kontra jarri zuelako demanda. Kalte ordainak eskatu zituen Urrutiak karguz kentzeagatik, baina Udalaren ustez ez ditu merezi: "Egindakoak nahikoa eta sobera izan ziren kudeatzaile ohia kargutik kentzeko. Gainera, egoitzak eragindako zorrak kitatzen hasteko eskoriatzarrengana jotzeko asmoa du Udalak.
Horren harira, orain arte irregulartasunen berri ez izatea Urrutiak Udala engainatu izanagatik eman dela uste du Lasagabasterrek: "Zinegotzia izanda, nork pentsatuko luke gzurretan ari zela?" galdetu zuen alkateak. Horrez gain, irregulartasunak aurreko legealditik datozela gogoratu zuen. Bestalde, Patronatuan "erreforma handi" bat egin gura duela azaldu zuen alkateak. Patronatua Elizak, Udalak eta herritar batzuk osatzen dute egun, eta Udalak gura du Patronatua laikoagoa izatea, hots, herriarengandik gertuago izatea.

Santa Ana gunerako diru arazoak
Santa Ana guneko aretoa egiteko lanak ondo doaz. Zein izen jarriko dioten ez dute oraindik erabaki baina izena baino "garrantzitsuagoa da", alkateak uste duenez, "lanak ondo egin eta aretoa ondo amaitzea" . 2010ean amaituko dira egitura egonkortzeko lanak, hau da, lanen lehen fasea. Bigarren fasea, berriz, 2011n hasi eta amaitzeko asmoa du Udalak. Hala ere, Aldunditik ez dator berri onik: dirulaguntzak 2012ra arte ez dira helduko. Hori horrela, bestelako finantziazio bideak aztertzen dabiltza.
Aretoaren erabilpenari dagokionez, erabilpen anitzekoa izango da, besteak beste, zuzeneko musika eta hitzaldiak eskainiko dira. 150 lagunendako tokia izango du; alkateak uste duenez, "nahikoa" Eskoriatza moduko herri batendako.
Udala, egoera ekonomiko zailean
Diru aldetik Udalak bizi duen egoera ere izan zuen berbagai alkateak: "Egoera zaila zen eta egun zaila da. 2008an ikusi genuen zuloa eta egokitzen hasi gara", jakinarazi zuen. Industrialdearen salerosketarekin egoera hobetu da baina aurrezteak jarraitzen du Udalaren ardatza izaten. Izan ere, 2011ko aurrekontuetan ere gastuak txikitzea izango da ardatza, "jasangarritasuna eta iraunkortasuna bermatzeko". Horretan ikasten ari direla gaineratu zuen. Azkenik datorren urteko inbertsioen artean izarren artean kokatu zuen Santa Ana auzoko aretoa eta San Pedro auzoaren urbanizazioaren bigarren fasea. 
Autopistaren lanek eragindako kalteak direla-eta, bestalde, auzoetako bizilagunak oso haserre ei daude, alkatearen arabera: "Alboko kalte gehienak konpondu barik daude, eta baliabide aldetik nahiko justu gabiltza kalteok konpontzeko. Bidegikoek amaitu zuten bidea eta kalte gehienak konpondu barik alde egin zuten; ahaztuta utzi gaituztela esan daiteke". 

Atez-atekoa, "ilusioz" itxaroten
Ingurumena zaintzea da Udalaren beste ardatzetako bat. Hala ere, eta helburua garapen iraunkorra bada, "lan asko" dago egiteko oraindik ere. Hondakinak kudeatzeko orduan, esaterako, atez ateko bilketa sistema "ilusio handiz" espero du Udalak.
Azkenik, asteon abiarazi den ekimen baten gainean ere aritu zen alkatea: baserrien izenak errotulu dituzte. Orain arte Bolibar, Gellao, Mazmela eta Mendiola elizateetan eta Lete auzoko baserrietan jarri dira errotuluak. Ekimena begi onez ikusi dute baserritarrek eta aurrera jarraituko du, alkatearen arabera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak