Viteri denda 100 urtetik gora zabalik izateagatik omenaldia egingo die Udalak

Iker Barandiaran 2007ko aza. 8a, 16:55
Datorren asteburuan Udalak omenaldia egingo die Viteri dendako Mari Karmen eta Mari Mertxe Viteri ahizpei. Hain zuzen ere, 100 urte bete ditu aitajaun Prudenciok zabaldutako dendak.

100 urte bai, baina seguruenik gehiago pasako ziren Marinen jaiotako Prudencio Viterik lehenengo denda zabaldu zuenetik. "104 bat urte-edo izango dira guk dauzkagun erreferentzia batzuen arabera, baina dendaren gaineko dokumentazioa 1907tik aurrera lortu dugu", azaldu ziguten Mari Karmen eta Mari Mertxe Viteri ahizpek.


Denetarik saltzen zuten
Bi ahizpek gordeta daukate 1907ko kontuen liburua eta han hainbat bitxikeri ageri dira. Esaterako, urte horretan 23.000 pezetako fakturazioa egin zuen Prudenciok. Denetatik saltzen zuten orduan: azukrea, abarkak, bakailaoa, kamisetak, labanak, txokolatea, trajeak, txapelak, kortsea, plantxa, arrautzak... Kaleko dendan saltzeaz gain, Prudenciok astean birritan-edo Marulandara jotzen zuen han errenta zeukan beste lokal baten ere salmentak egitera.  
Gerora, Prudencioren seme Joxek eta Maritxu emazteak denda hartu zutenean poliki-poliki arroparekin espezializatzen joan ziren. "Gure aita zen Joxe jostuna zen, eta bere emazte Maritxuk hartu zuen dendaren ardura. Aitaren eraginez, jakiak alboratu eta mertzerian eta jantzigintzan oinarritu zuten negozioa".

Ohiturak aldatu dira
Viteri ahizpek onartu dute garaiak asko aldatu direla. Mari Mertxek gogoan dauka eurak txikiak zirenean bezero askok apunteak uzten zituztela. "Oso ohikoa zen erositakoa zorretan uztea eta hilabete bukaeran-edo ordaintzea. Azken 20 urteotan ez dago halakorik, kreditu txartelengatik. Eta lehen urte osoan, egunero, zabaltzen genuen".
Asko aldatu den beste gauza bat da dendatan tertuliak egitea. "Lehen ohikoa zen arratsaldeetan dendan emakumezko dezente batu eta hango jarlekuetan tertulian aritzea. Gaur egun hori zeharo galdu da, eta jendea taberna eta kafetegietan batzen da. Hala ere, polita zen".
Gaur egun dendaren ardura duten ahizpek gogoan dute umetan dendako bazterrak nahasten   eta ezkutuan piko malauak eta maspasak hartzen ibiltzen zirela. Gerora, eurek hartu zuten negozioaren ardura, nahiz eta ama ia 100 urterekin hil zen arte dendan izaten zuten laguntzen egunero. "Jai egunetan ere galdetzen zigun ea zergatik ez genuen zabaltzen; eta guk baino hobeto eramaten zituen dendako kontuak. Ikaragarria zen!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak