Uraren gaineko ordenantza indarrean dago, behin betiko onartu ostean

Mirian Biteri 2009ko aza. 5a, 12:13
Eskoriatzako udalbatzak uraren gaineko ordenantza behin betiko onartu zuen urriaren 28an egindako osoko bilkuran, eta, hortaz, dagoeneko indarrean dago.

Herriko alkate Pedro Lasagabaster pozik dago, kostata bada ere, araudi berria udalbatzako kideen "erabateko adostasunarekin" aurrera ateratzea lortu dutelako. Horren harira, gaineratu du "ziur" daudela hori aplikagarria izango dela.

Uraren ordenantzari uztailaren 29ko osoko bilkuran eman zioten aho batez hasierako onarpena. Jarraian, bi hilabeteko epea zabaldu zen araudia aztertzeko eta egoki iritzitako iradokizunak egin ahal izateko; urriaren 13ra arte egon zen alegazioak aurkezteko aukera.

Guztira, 53 ekarpen jaso zituen; guztiak, pertsona bakar batek aurkeztuta. Urriaren 22an egindako Hirigintza batzordean aurkeztutako ekarpen guztiak banan-banan aztertu eta batzuk onartu ziren. Lasagabasterren esanetan, "eskertzekoa da lagun horrek egindako lana; ekarpen asko, gainera, oso interesgarriak dira eta, hortaz, ordenantza aberasteko balio izan du". Urriaren 28ko osoko bilkuran, azkenik, Hirigintzako txostena onartu zuten.

Hiru zatitan

Ordenantzak hiru arlo nagusi ditu: eraikinetako txorrotak, dutxak eta komunak; euri urak; eta ur grisak. Lehenengoari dagokionez, araudiak dio ur kontsumoa duten eraikin eta eraikuntza berrietan eta eraberritze osokoetan ura murrizteko eta zarrastelkeria ekiditeko hainbat neurri aplikatu beharko direla derrigorrez. Uraren emaria txikitzeko jarri beharreko gailuak ere zehazten ditu.

Bestetik, euri ura batu eta biltzea bermatzen duten tresna edo instalazioak ere aurreikusten ditu. Esaterako, 1.000 metro karratutik gorako lorategietan euri ura aprobetxatzea eskatuko da.

Ur grisak

Azkenik, ur grisen kasuan, zehaztu dute zeintzuek egin behar duten ur horien aprobetxamendua. Erabilitako urak, bereziki bainuontzi eta dutxetakoak, batu eta gero beste erabileretarako egokitzeko helburua duten tresnak jartzera behartuta egongo dira. Erabilitako ur horien artean ez dira sartzen koipeak edo eduki fekalak dituztenak.

Azken horretan ere, mugak jarri dira. Lasagabaterrek horren berri eman digu: "Promozio txiki bati ezin zaio exijitu horrelakoa aplikatzea, larregi izan daitekeelako. Baina 24 etxebizitza baino gehiago batera egiteko baimena eskatzen denean, derrigortuta daude ur grisak (dutxak eta bainerak) aprobetxatzera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak