Ordenantza indarrean jartzen denean, udalerrian berritzen edo egiten diren eraikinetan uraren kontsumoa murrizteko eta zarrastelkeria ekiditeko hainbat neurri jarri beharko dira derrigorrez. Esandako araudiak ura aurrezteko erabili beharreko gailuak zehazten ditu. Horretaz gain, uraren kalitatearen egokitzapenaren gainean ere jarduten du araudiak.
Gailuak derrigorrezkoak izango dira uraren kontsumoa duen toki guztietan, hala nola, etxe partikularretan, hotel eta antzeko zerbitzuetan, osasun etxeetan, ikastetxeetan, aisialdi eta merkataritza guneetan, kiroldegietan edo nekazaritzarekin lotutako instalazioetan. Herritarren artean eredua emateko, udal eraikinetan aurrezteko sistemak ere jartzea aurreikusita dago.
Araudia, besteak beste, honako arlo hauei dago bereziki zuzenduta: ura hornitzen duten enpresa eta entitateei, ura hornitzeko instalazioak jartzen dituzten iturgin eta antzeko lanbideetako arduradunei, eraikuntza enpresa eta sustatzaileei, eraikuntza arloan lan egiten duten teknikoei, eta eraikinen jabeei.
Sistema motak
Araudi berriak, esan bezala, hainbat sistema aurreikusten ditu. Batetik, ura aurrezteko sistemak instalatu beharko dira; esaterako, uraren kontsumo eraginkorra bermatzen duten mekanismoak jartzea edo dagoeneko erabilita dagoen ura berriz ere erabiltzea.
Bestetik, euria eta igerilekuetako eta dutxetako ur grisak jasotzeko sistemak abian jarri beharko dira. Txorrotetan eta dutxetan uraren emaria gutxitzeko gailuak ere erabiltzera behartuta egongo dira. Araudiak dio, gainera, teknologia aurreratuenak erabiltzera derrigortuta egongo direla.
Bestalde, besteak beste, lorategi berriak nolakoak izan behar diren zehazten du ordenantzak; eta udalerriko igerilekuei dagokienez, esaterako, maiatzaren 31tik urriaren 31ra ezin izango direla hustu ere dio.
3.000 euro arteko Isunak
Hirigintza-lizentzia eskatzerakoan, araudian jasotzen direnen gaineko proiektua aurkeztu beharko dute interesatuek. Eskoriatzako Udalak ez du obra-lizentziarik emango proiektuek ura aurrezteko sistemak aurreikusi arte. Arauak hausten dituztenendako isunak ere aurreikusten ditu ordenantza berriak. Arau-haustea arina bada, isuna 750 eurokoa izatera hel daiteke; larria bada, 1.500 eurokoa; eta oso larria izanez gero, 3.000.