Udalean erabilitako paper kopurua murrizteko araudia gertatzen ari dira

Mirian Biteri 2009ko api. 5a, 21:43
Eskoriatzako Udala jasangarritasunaren aldeko aurrera pausu berria eman du. Udalean erabilitako paper kopurua murrizteko zirriborroa prestatu du. Datozen asteotan jar daiteke hori martxan, Hirigintza batzorde eta plenotik pasa ostean. Udal langileek bete beharreko ezaugarriak zehaztuko ditu araudiak.


Ingurumenari dagokionez, irizpide berdea behin baino gehiagotan aplikatu du gaur arte. Horren adibide da kultura etxean jarri berri den galdara kontratatzeko pleguetan eta horren aukeraketan ingurumen irizpideak kontuan hartu zirela.

Orain Udalak haratago joan nahi du. Udalean erabilienak diren produktuen kopurua murrizteko araudia gertatzen ari da; papera eta bere eratorriak, hain zuzen. Horren zirriborroa dagoeneko Hirigintza batzordetik pasatzeko moduan dago. Datozen asteotan batzorde horretan onartzea eta  jarraian, plenoan eztabaidatzeko  asmoa du Udalak. Araudia onartutakoan, udal langile guztiei adostutako irizpideak jakinaraziko zaizkie, aurrerantzean horien arabera joka dezaten.

Udala, eredu

Esan bezala, orain arteko langileen artean ohituren aldaketa ekarriko du araudi berriak. Ingurumen teknikari Saioa Alzuak azaldu duenez, "Udala kontsumitzaile handia den heinean, eredua izan behar da. Erosketak egiteko modua aldatu gura dugu; baina, dena batera aldatzea ezinezkoa da, egokiagoa da helburuak mailakatzea eta pixkanaka lortzea". 

Hasierako urratsak bi izango dira: batetik, langileen artean Udalak kontsumitzen dituen produktu kopurua murrizteko gomendioak zabaltzea; eta bestetik, paperean eta bere eratorrietan Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdea estrategiak txertatzea. Horren harira, Alzuak gaineratu du erosketa politikan ez ezik, Udalak sortutako produktuek ere ingurumen irizpideak bete beharko dituztela, hala nola, esku-orriak edo egitarauak.
Araudiak bete beharreko ezaugarriak arautuko ditu. Esaterako, ahal den neurrian, paper birziklatua erabiliko dutela. Askotan, baina, ezin izango da birziklatua izan eta kasu horietan, hainbat etiketa kontuan izango dira. Araudiak etiketa horiek ondo identifikatu eta erabiliko direnak zehaztuko ditu.

Esan bezala, hori hasiera baino ez da. Erabiltzen dituen bestelako produktuekin gauza bera egiteko asmoa du Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak