Pailazo piratak Eskoriatza abordatzera

Irati Agirreazaldegi 2008ko aza. 30a, 15:41
Eskoriatza abordatzera etorri ziren zapatuan Piratak. Hori da Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizun berriaren izenburua eta ume eta heldu denak zeuden kiroldegian piraten zain.

Eskenatokian, ordea, ez ziren bakarrik egon. Kattalin pirata zain zeukaten irlan, baita Petrol gaiztoa eta haren laguntzaile Nahas-Borras bikotea ere.

Altxorraren bila

Kattalin piratak Altxorraren Bila jolaserako txartelak izkutatu orduko azaldu ziren Petrol altxor bilatzaile gaiztoa eta laguntzaileak irlara altxorra non ote zen galdezka. Umeak, argiak izanik, ez zieten lagundu kantuz zirikatu zituzten arren.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen txanda etorri zen gero. Txartel bila hasi ziren umeek horietatik gertuago ala urrunago egon hotz eta bero oihu egiten zieten bitartean.

Pirritx izan zen txartela aurkitzen lehena eta altxorrerako pista lortzeko probak egin zituzten banan banan. Umorea zabaltzea egokitu zitzaion Pirritxi eta horretan jardun zuten kantuz eta umeak dantzan ipiniz.

Marimototsek txartela aurkitutakoan umeek txaloz, putz eginez eta eskuak altxatuz sortutako itsas-ekaitzari eta marrazoari egin behar izan zieten aurre pailazoek ausardia erakutsiz euskal piraten kanta abestuz.

Porrotxek irudimena erakustea egokitu zitzaion magia trukuekin umeek aho zabalik begiratzen zioten bitartean. Magiarekin ez ezik pirata alperraren kantarakin ere harritu zituzten umeak.

Petrol gaiztoa

Pailazo bakoitzak bere proba gainditu orduko Petrol altxor bilatzaile gaiztoa xantaia egitera agertu zitzaien. Pirritx eta Marimotots ez ziren haren tranpan erori, bai, ordea, Porrotx, umeek Petrolekin ez joatea gomendatu arren.

Pirritx, Marimotots eta Kattalin Porrotxen bila hasi zirenean azaldu zen Petrol eta Kattalinek ezagutu egin zuen lapur gezurtia eta Porrotx itzultzearen truke altxorra non zegoen esan zien Petroli eta laguntzaileei. Gezurrezko altxorra zen, ordea, eta umeak barrez lehertu ziren hori ikusita.
Umeak ez ezik pailazoak, denak elkarrekin, erabat alai zeudela adierazi zuten eta laugarren proba denek batera egin zuten. Ikuskizunean barrena horretan jardun arren, umeengan ilusioa eragitea proposatu zien Kattalinek eta hala egin zuten kantuan berriz ere.

Piratek munduan barrena bidaiatzen dutela erakutsiz hainbat txokotako doinuak ekarri zituzten ikuskizunean barrena: afrikar kutsukoak, oestekoak, kubako erritmodunak eta gureak, noski, Kaxianoren Itsasontzi baten kantaren bertsioa ere egin zuten amaiera aldera. Taula gainetik kiroldegian eurekin batera kantuan eta dantzan ziharduten umeak agurtu zituzten.

Muxu eske

Amaitu zen ikuskizuna, ez, ordea pailazoen jarduna. Taula gainetik jaitsi orduko abordatu zituzten pirata txikiek euren marrubizko eta txokolatezko muxu, sinadura eta argazki eske.

Pirritx eta Marimotots nekatuta baina pozik ziren eta esan ziguten, "umeek asko lagundu digute eta ikusi dugu oso euskal pirata bihurriak garela bai gu eta baita umeak ere".

Altxorra aurkituta pozik joan ziren Euskal Herrian zabaltzera. "Aurkitu dugun altxorra ez da lurpean ezkutatuta egoten, ezpainetan dugu jasotzeko eta emateko. Euskara da, eta muxuekin batera partekatuz gero hartzen du balio handiena", esan zigun Porrotxek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak