Mundumirak bere bosgarren arrakasta lortu du Eskoriatzan

Arritxu Barruso 2009ko mai. 24a, 22:31
Mundumira jaialdiak, bosgarren aldiz, aurreikuspenak gainditu eta sekulako arrakasta izan du. Oraingo urtean Eskoriatzari tokatu zaio munduko kulturen festa etxean hartzea. Eredua eta jaiaren planteamentua edo egitaraua ez dira asko aldatu bost urte hauetan, baina, argi dago asmatu dutela ereduarekin; gero eta ezagunagoa bilakatzen ari da Euskal Herria aldizkariak eta Debagoieneko Mankomunitateak antolatutako kulturen festa handi hau eta urtetik urtera sustraiak errotuz doaz. Egia dena da ez daudela horrela egitarau zabala eskaintzen duten jaialdi asko: aberasgarria, solidarioa, dibertibarria, irekia eta koloretsua.

Eskoriatza munduko kulturen topagune

Mundu osoko herrialdeetako doinuak, zaporeak eta artisautza ikusi ditugu aste bukaeran Eskoriatzan. Egubakoitzean Senegaleko MLOMP perkusio eta dantza taldeak ireki zuen egitarau multikulturala eta dagoeneko Eskoriatzara hurbildutakoei gogorarazi zien Mundumira festa mundiala dela.

Egubakoitz iluntzean, berriz, bertako musikaren txanda etorri zen; Zura taldea funk, soul eta jazz erritmo berritzaileekin eta Korrontzi taldea folk erritmo tradizionagoekin. Gauean, berriz, Balkanetako eta Greziako musika arabiarraren nahasketa izan zen entzungai. Alemaniako 17 Hippies taldeak kontzertu bikaina eta dibertigarria eskaini zuen. Sorpresa izan zen asko eta askorendako: musika oso bizia eta dantzagarria. Ikusleekin, gainera, zuzeneko harremana eta konplizitatea lortu zuten alemaniarrek. Eskoriatzako plaza jendez betetzea lortu zuten 17 Hippies taldekoek.

Zapatuko egitaraua, berriz, Amama Luisa Brass Band taldeak ireki zuen, 20ko hamarkadako New Orleanseko soinu beltzaren magiarekin. Romina Goshtasbi dantzariak, ondoren, Iranera eroan zituen Eskoriatzako plazan batutakoak bere dantza pertsiarrekin. Brasilgo dantza eta doinuak ere izan zuten tokia Senzala Euskadi Capoeira taldearekin eta Brasilgo Madera de Choro taldearekin.

Mundumiran gauza bitxiak ikusi ohi dira urtero-urtero eta aurten benetan bitxiak izan ziren zapatu eguerdian Eskoriatzan topatutako autoak. Artea Teatro taldeak Los Autos Locos kale ikuskizuna eskaini zuen eta Santa Mariñe plazan dantzan eta mugimenduan ipini zituzten bertara gerturatutakoak. Zapatu eguerdirako Eskoriatzako plaza eta inguruak jendez lepo zeuden eta arratsaldean autobusak jendez beteta iristen ziren bata bestearen atzetik. Iluntze aldera parrandarako gogoarekin iritsi ziren asko eta giroan sartzeko modu ezin hobea aurkitu zuten, Eskoriatzako plazan, Venezuelako Bloque 53 taldearekin. Plazan jendetza batu zen eta asko izan ziren sanba latindar doinuak dantzatzera animatu zirenak. Beranduago, Rude Kanka eta Macacorekin etorriko zenerako prestatzeko bidea eman zuen Venezuelako seikoteak. Dantzan hasita jende askori ahaztu egin zitzaion afaltzeko ordua gainean zela, eta urteroko kontu bilakatu dena gertatu zen; kebab bat, kus-kusa edota falafelak jateko sekulako ilarak sortu ziren.

Dena den, Mundumira guztia ez zen festa, musika eta kale ikuskizuna. Artisautza azokak eta mendi eta bidaia azokak ere sekulako arrakasta izan zuten. Batek baino gehiagok udako oporretarako makina bat aukera ikusiko zituen. 

Tamalez, baina, Mundumira uste  baino lehenago bukatu zen. Domeka eguerdira arte iraun zuela esan daiteke. Euri zaparradek domeka arratsaldeko ekintzak bertan behara utzi beharra ekarri zuen. Antolatzaileak, baina, oso pozik daude bosgarren edizio honen bilakaerarekin. Debagoieneko Mankomunitateko Turismo teknikari Ana Erizek esan digu jende "pila bat" ibili dela. Erizek eskerrak eman nahi izan dizkie garraio publikoa erabili zutenei eta barkamenak eskatu

Macacok, munduko musiken mestizajea

Munduko kulturen festak jende asko eroan zuen Eskoriatzara, baina, Mundumirara gerturatutako askoren helburu nagusia zen azken asteotan irrati komertzialetan lehen postuetan dagoen talde kataluiniarraren kontzertua ikustea eta Moving abesti ezaguna dantzatzea. Macacok HUHEZI fakultateko aparkalekua betetzea lortu zuen.
Ohikoa duen moduan, taula gainean munduko kulturen bere festa propioa egin zuen Macacok; kulturak eta doinuak nahastea da berea: flamenkoa, funkia, rumba, pop-a, doinu brasildarrak, Afrikakoak...

Puerto Presente da taldearen azken lana eta martxoan argitaratutako disko berriko abestiekin hasi zuten kontzertua (Tengo, Puerto Presente eta Mundo Roto, besteak beste). 45 minutu inguru pasata, zaleek horrenbeste itxarondako momentua iritsi zen, Moving abesti famatua. Kantua aurkezterakoan Dani Carbonellek argi utzi zuen Falange Española alderdi politikoaren kontrako salaketa ipini dutela euren abestia hauteskunde kanpainarako erabili izanagatik. Azalpen horiek emanda zaleen gosea hasetu zuten.
Inprobizaziorako duten abilezia ere erakutsi zuten eta taldeko kide guztiak, banan-banan, oinarri batzuen gainean letrak inprobisatu zituzten. Orduan ikusi zen mestizajea eta estilo nahasketa taldeko partaideengandik eurengandik hasten dela. Estilo flamekoa, raperoa edo afrikarra ikusi ziren, besteak beste,  inprobizazio horietan.
Ingravito diskoko abestiak ere eskaini zituzten, esaterako, Brasil 3000 eta Con la mano levantá. Azken honekin, beharbada,  Moving berarekin baino arrakasta gehiago lortu zuten. Zaleak pozik utzi zituen Dani Carbonellek. Baina, beti izaten da kritikatu beharreko zerbait eta kasu honetan soinua izan zen, bolumena oso baxua zen eta momentu batzuetan abeslaria bera entzutea ere zaila zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak