Gipuzkoako sendagaigileen elkarteko presidente Francisco Asis Etxebesteren esanetan, programa horren helburua da sendagai asko hartu behar duten gaixoek sendagaien erabilera egokia egin dezatela, askotan arazoak izaten dituzte-eta gaixoek tratamendua behar bezala jarraitu ahal izateko.
Asis Etxebestek honako hau esan du:“Konturatu gara pertsona nagusiek eta sendagai asko hartu behar dituztenek ziur ez dutela jakiten sendagaia hartu duten edo ez. Hala, batzuetan ez dute sendagairik hartzen eta beste batzutan birritan hartzen dute. Modu honetan, medikuak esandakoa besterik ez dute hartuko”. Bestetik, programa horrek sendagaiak errazago eskuratzea ere ahalbideratzen duela dio.
Hamabostean behin
Hortaz, gaixoak farmazian jasotzen du hamabost egunean behin, egunero eta ordu bakoitzean hartu behar duen sendagai kopurua. Programak dosifikazio sistema pertsonalizatuak erabiltzen ditu. Horietan, gaixoak une bakoitzean hartu beharreko konprimituak prest ditu eta dosia zuzen hartzeko beharrezko informazioa du. Horretarako, Eskoriatzako farmaziak programan parte hartzeko beharrezkoa den baimena lortu behar izan du.
Oraingoz, etxez etxeko zerbitzua jasotzen duten gaixoei dago zuzenduta zerbitzu hori. Eskoriatzan 25 inguru dira zerbitzu hori erabiltzen dutenak. Altubek jakinarazi digunez, apurka ari da jendea programan sartzen: "Gaur egun bi eskoriatzar daude eta asteon hirugarren batek informazioa eskatu du". Horrekin batera, esan du zerbitzua erabiltzen hasi diren bi herritar horiek "pozik" daudela, "erosoa" delako.
Programan parte hartzeko
Horrekin batera, programan parte hartzeko interesa dutenei zer egin behar duten azaldu gura izan die. Gizarte Zerbitzuetako bulegora joan behar dute. Etxez etxeko zerbitzua jasotzen dutela ziurtatu eta eskaera herriko farmaziara bidaliko dute, dagokion zigiluarekin. Jarraian, herritar horien laguntzailearekin harremanetan jarriko dira arazorik ez dagoela ziurtatzeko eta dosifikazio sistema prestatzeko.
Debagoieneko lehena
Debagoienean Eskoriatza da lehenengo herria programa horretan parte hartzen duena; eta, Gipuzkoan, seigarrena.