Kultura aniztasuna eta eleaniztasuna Huhezin

Iker Barandiaran 2008ko uzt. 16a, 21:48
Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako Huhezi fakultatean kultura aniztasunaren eta eleaniztasunaren gaineko mintegia egin dute atzo eta gaur bitartean. Huheziko eta Udaleko ordezkariez gain, Israelgo eta Ingalaterrako aditu banak esku hartu du mintegian.

Astelehenean eta martitzenean hizkuntzen arteko integrazioa aztergai izan dute Huhezin. Horren helburua da gero eta zabalduago dauden inmigrazio prozesuek hizkuntzen ezagutzari eta erabilpenari eta kultura desberdinen arteko hartu-emanei zelan eragiten dieten ikustea. Eta bide batez, arazoei konponbidea ematen saiatzea. 

Helburu horrekin batu dira Huheziko hainbat irakasle eta euskararen alorrean lan egiten duten Eskoriatzako udaleko ordezkariak ere. Are gehiago, nazioarteko adituak ere izan dituzte hizlari, euren herrialdeko esperientziak azaltzen. Mintegiaren koordinatzailea, berriz, Huheziko irakasle Julia Barnes (Yulia Barns) izan da, jatorriz ingelesa dena.

Euskararen gaineko interesa

Atzerriko gonbidatuetako bat Ingalaterrako Salford Institutuko Charlotte Hoffmann izan da. Hoffmannek  eleaniztasunaren gaineko hainbat liburu idatzi ditu, eta interes handia erakutsi zuen euskararen nondik-norakoen gainean. Hain zuzen ere, Huheziko irakasle Ane Urkizak eta Amelia Barquinesk Euskal Herriko egoeraren gainean jardun zuten.

 

Etorkinen kultura aintzat hartu

Bestalde, Anat Stavans Jerusalengo Hebreera unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak ere esku hartu du mintegian. Stavansek ikertu du Israelera inmigratzen duten etiopiarren egoera. Horien seme-alabek arazoak izan ohi dituzte hebreera ikasteko, eta Stavansek eta beste zenbait adituk problematika hori aztertzen dihardute. Are gehiago, Stavansen esanetan, garrantzia handiagoa eman behar zaio etorkinek duten jatorrizko kulturari. Hortik abiatuta, gauzak askoz erraztu daitezke.

Horrez gain, berbagai izan duten beste kontu bat izan da hizkuntzaren jabetasunarena: hau da, hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten duten familietan seme-alabak zelan moldatzen diren. Horren gaineko hainbat teoria jarri dituzte mahai gainean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak