Kontsumoaren gainean jardun dute ikasleek

Iker Barandiaran 2008ko mai. 28a, 15:02
Martitzenean, herriko ikastetxe guztietako ordezkariek ikasturtean kontsumoaren gainean landu dituzten proposamenak ezagutzera eman zizkioten alkateari udaleko osoko bilkura aretoan.

Herriko ikastetxeetan kontsumoaren gainean jardun dute ikasturte honetan. Hala, jasotako ondorioak eta udalerrian egin daitezkeen hobekuntzak alkateari aurkeztu zizkioten martitzen goizean.

Kontsumoaren gaineko hausnarketa
Hala, Eskola Agenda 21 programaren barruan ikasleak herriaren diagnostikoa egiten saiatu dira. Horren ostean, ikasle horien ordezkari batzuk Udaleko osoko bilkura aretoan Udalari zuzendutako proposamenak ezagutzera eman zituzten. Horietako asko udal eraikin eta zerbitzuetan abian jartzeko modukoak dira. 
Besteak beste, eraikin publiko guztietan argi indarraren kontsumoa murrizteko bonbila ekonomikoak eta pila errekargableak erabiltzeko gomendioa egin dute. Baita ordenagailuak gutxiago kontsumitzeko konfigura ditzatela ere.
Bestalde, aipatu zuten ludotekan plastikozko edalontziak eta paper birziklatua jartzea komeniko litzatekeela, une honetan halakorik ez dagoelako ez dela erabiltzen.

Autoak elkarbanatzea
Dena dela, ikasleek uste dute udal agintariez gain, herritarren esku ere egiteko asko dagoela. Adibidez, ezinbestekoa deritzote autoaren erabilera murriztea eta garraio bakarra ibiltzekotan pertsona gehiagorekin elkarbanatzea.
 
Uraren gehiegizko kontsumoarekin ere arduratuta daude; eta horren aurrean Udalari eskatu diote itur sistemak aldatu eta hobetzeko, ura alferrik gal ez dadin, hain zuzen ere. Eta Udalari egindako eskaerekin jarraituta, gaztetxoek uste dute zakarrontzi gehiago jarri beharko litzatekeela, batez ere jolaslekuen inguruan. Eta ez hori bakarrik, ohiko zakarrontziak zakarrak bereiztekoak direnekin ordezkatu beharko liratekeela uste dute. Hala, txikleendako zakarrontzi bereziak ipintzea ondo legokeela uste dute.

Dendarien erantzunkizuna
Herriko saltokiak ere ez dituzte ahaztu. Horietan poltsa berrerabilgarriak eta telazko poltsak banatzea; erosketak egiteko gurditxoak erabiltzeak; dendetan gozoki gutxiago jateko kartelak ipintzea; eta gozoki dendak asteburuetan bakarrik zabaltzea eskatu dute.
Industrietaz ere ez dira ahaztu, eta gutxiago kutsatzen dutenei dirulaguntzak emateko gomendioa egin dute.

Pedro Lasagabaster alkateak erantzun zien esanaz lanean dihardutela, baina ingurumenaren alde egiteko erantzunkizuna gaur egungo gazteek dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak