Jokalari asko eta teknika politak Euskadiko I. Kenpo Txapelketan

Mirari Altube Arrese 2010ko api. 25a, 17:30
Euskadiko I. Kenpo Txapelketak jokalari asko elkartu zituen zapatuan Eskoriatzako Intxaurtxueta kiroldegian, 90 inguru antolatzaileen esanetan. Asko Eskoriatzako Atama Kenpo elkarteko kideak ziren, beste asko Oiartzungo Kenpo-Kai elkartekoak, eta Beasain eta Legazpitik etorritakoek ere jardun zuten norgehiagokan.

Nafarroako eta Iparraldeko elkarteetako jokalariak ere gonbidatu zituzten txapelketara; baita etorri ere. Horiek ezin izan zuten txapelketan parte hartu –federazio kontuak tarteko–, baina erakustaldi politak egin zituzten eta onenek garaikurrak eskuratu zituzten.

Kata eta defentsa pertsonala

Hiru ekitalditan erakutsi zituzten jokalariek kenpo arte martzialaren gaineko jakintzak. Lehen saioan kata erakustaldia egin zuten. Hainbat teknika erakutsi behar izan zituzten bakarka eta koreografia, koordinazioa, indarra eta orokorrean erabilitako teknika baloratu zizkieten epaileek. Umeek –14 urtetik beherakoek– ezin dute norgehiagokan jardun baina erakustaldi politak egin zituzten, tartean ia 20 eskoriatzarrek jardun zuten.
Bigarren saioan defentsa pertsonal erakustaldiak egin zituzten. Eraso itxurak eginez besoarekin eta hankaren kolpeak eman behar izan zizkieten laguntzaile bati. Eraso horiei ere puntuak eman zizkieten epaileek eta kadeteen artean Oiartzungo Naiara Benitez izan zen nagusi, Gorka Caceres eskoriatzarraren aurretik. Helduen artean, Kyu kategorian, Iñaki Zubillaga nagusitu zen eta gerriko beltza dutenen artean Kenpo-Kai elkarteko Jon Ander Arrizubieta.

Borrokan, etxekoak nagusi

Hirugarren saioan borrokan egin zuten jokalariek. Bi minutuko saioetan elkarren aurka hankarekin kolpeak emanaz jardun zuten epaileen begiradapean. Emakumeen artean Naiara Benitez nagusitu zen berriro; eta kadeteetan, Kenpo-Kai elkarteko Jon Ander Rodriguez. Helduen kasuan garaipen guztiak etxeko elkartean geratu ziren: 75 kiloz azpikoetan, Juan Modino; 75 kiloz gorakoetan, Iñaki Zubillaga; eta gerriko beltza dutenen artean, Josu Letona arrasatearra. Txapelketa bukatzeko Kenpo Kai modalitatean jardun zuten borrokan hainbat jokalarik.

Rafa Carriet Atama Kenpo elkarteko arduradun eta antolatzailea pozik zegoen txapelketa bukaeran: "Nik hamarrekoa emango nioke, zoragarria. Txapelketa interesgarria izan da, teknika onak egon dira eta gainera jendeak oso ondo pasatu du". Karate Federazioak opariarekin eman zizkion eskerrak eman Carrieti txapelketagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak