Industrialdea kudeatzeko asmo berriak onartu ditu Udalak

Iker Barandiaran 2008ko ira. 26a, 13:34
Astean ohiko osoko bilkura egin dute udaletxean. Hainbat gai landu dituzte. Besteak beste, Eskoriatzako Industrialdea SA Debagoieneko Industrialdearen eskutan utzi gura dute; eta Ibarraundi ingurua urbanizatzeko lehen fasea hasiko dute.

Aztergai izan zituzten gaien artean nabarmenetako bat honako hau izan zen: Ibarraundi ingurua urbanizatzeko aurreikusita dituzten lanen barruan, lehenengo fasea esleitzeko erabakia hartu zuten. Lau enpresa aurkeztu ziren lan horiek egiteko, baina bik bete zituzten gutxiengoak. Hala, azkenean Orsa SLk egin beharko ditu lanok. Horren arabera, 15 asteko epean San Pedro auzoari autoendako irteera egin beharko diote Ibarraundi atzetik. Eta horrekin batera, urbanizazio guztia egin beharko dute.

Esan beharra dago, baina, lan horien kostua –300.000 euro ingurukoa– Eskoriatza Sustapenak ordainduko duela, Udalarekin aurretik zeukan zorra kitatzeko. Hain zuzen ere, Intxaurtxuetako etxebizitzak egin zituenean, azkenean Udalak hartu zuen urbanizazio lana; eta horren ordainketarekin estaliko dute Ibarraundiko urbanizazio berria.

Fase horri beste batzuk jarraituko diote, gerora egiten joango direnak. Asmoa da Ibarraundi museoaren ingurua eraldatzea eta oinezkoendako pasealekua egitea, besteak beste.

Industrialdearen kudeaketa

Berbagai izan zuten beste gai bat Eskoriatzako Industrialdea izan zen. Joan den ikasturtean egindako hausnarketari jarraituta, Udalaren asmoa da industrialde horren kudeaketa Debagoieneko Industrialdea erakundearen eskuetan uztea. Horretarako, baina, Debagoieneko Industrialdearen bazkide diren Mankomunitatearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Jaurlaritzako Sprilurren baimena behar dute. 
Herenegun onartu zutena da alkateak horren gaineko eskaera egitea Mankomunitateari. Gerora joko dute beste erakundeetara.

Pedro Lasagabaster alkatearen esanetan, egindako hausnarketaren ostean ondorioztatu dute Debagoieneko Industrialdeak Eskoriatzako Udalak baino hobeto kudeatuko duela udalerriko industrialdea. "Aspaldi egin zioten Udalari eskaintza hori, baina orduko udal agintariek ez zuten gura izan".

Huhezik hitzarmena

Osoko bilkurako beste gaietako bat Udalaren eta Huheziren arteko hitzarmena izan zen. Lehendik ere bi erakundeek hartu-emanak izan dituzte, baina aspaldian askotan batzartu dira, eta oso harreman onak dituzte.
Horren arabera, Huhezik, udalerrian areto berria egin artean, kapera uzten dio Udalari kultura ekitaldiak egiteko. Horrez gain, unibertsitateak dituen bi aparkalekuak (Dorleta goikoa eta San Viatorrekoa) erabilera publikorako dira. Horren ordez, baina, Udalak kirol ekipamenduak erabiltzeko aukera ematen dio unibertsitateari.
Bestalde, bi erakundeen asmoa da Huheziren ekintzetako batzuk unibertsitatetik herrira ateratzea; eta besteak beste, Udalak hainbat ikasleri praktikak egiteko aukera eta beste laguntasun batzuk ematea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak