Idazle 'sekretuek' agerraldia egingo dute Huheziko Literatura Astean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko mar. 6a, 11:49
Datorren astea, martxoaren 9tik 13ra, Literatura Astea izango da Huhezin. Honakoa da 11. edizio honetako gaia: 'Literatura eta idazle sekretuak'. Hala, medioetan agerikoak ez diren idazleak izango dira Huhezin, astelehenetik eguenera. Azken eguna, urtero moduan, ikasleena izango da eta fakultateko hiru ikaslek hartuko dute parte. Bestela, hauexek dira lau hitzaldietan hizlari izango diren idazle 'sekretuak': Patziku Perurena, Rikardo Arregi, Karlos Linazasoro eta Xabier Montoia.

Datorren astea Literatura Astea izango da Huhezin. Hortaz, astelehenetik egubakoitzera hitza izango da protagonista eta aurten ere goi mailako gonbidatuak izango dira unibertsitatean: Patziku Perurena, Rikardo Arregi, Karlos Linazasoro eta Xabier Montoia.
Aipatu idazleak ikusita, ezin aproposagoa da 11. edizioaren gaia: Literatura eta idazle sekretuak. Aurreko edizioetan moduan, gai interesgarria bezain kuriosoa aukeratu dute aurten. Iaz, adibidez, aurrez aurre jarri zuten Play Stationaren belaunaldia eta poesia, Play Stationaren belaunaldia? XXI. mendeko poesia eta gazteak izenburua hartu zuen Literatura Astean.

Idazle 'sekretuen' agerraldia

"Badakigu paradoxa ederra dela prentsara zabaltzea idazle horien [idazle sekretuen] etorrera". Arantza Ozaeta Huheziko Literatura Astearen antolatzaile nagusiaren hitzek ondo diotenez, nahiko paradoxikoa da batere mediatikoak ez diren idazleetaz prentsan berba egitea. Hala ere, badago horretarako arrazoi nahiko. Izan ere, Literatura Astea dela-eta dira idazle horiek albiste: datorren astelehenetik egubakoitzera iraungo duten jardunaldietan idazle sekretuak azaleratu egingo dira, Ozaetak dioenez, "idazleek euren sekretutasuna adieraziko dute, edota behintzat, erakutsi".

Aurtengo Literatura Astearen gaia Iban Zaldua idazle donostiarrari "lapurtu" dio Ozaetak, Volgako batelariak deritzon blogaren koordinatzaile nagusiaren hitzaldi batean. Zalduaren ustez, egun idazle ona izateko ez da nahikoa testu onak eta esanguratsuak idaztea, "idazle ona izatea, gaur egun, idazle mediatikoa izatea da". Eta Zalduaren baieztapena erronka moduan hartu du Ozaetak: "gure erronka medioetan horren agerikoak ez diren idazle sekretuak ekartzea izan da". Helburua bete dute, eta nola, gainera.

Idazle 'sekretu' motak
Literatura Astearen protagonista izango diren hizlariak, Ozaetaren ustez, "testugintzan aritzen dira, baina ez dute hautatu publikoak izatea".
Bestalde, idazle sekretu horien artean "aniztasuna" dagoela dio jardunaldien antolatzaileak: "batzuk sekretuak izan arren, ezagunak dira, salduak eta saridunak". Xabier Montoia idazle eta musikariaren kasua da garbiena: liburuak ez ditu aurkeztu ere egiten eta 2007ko Euskadi Saria irabazi zuen arren, ez zen sari banaketa ekitaldira joan.
Era berean, ez da kontraesana idazle sekretua izatea eta sarri idaztea; Karlos Linazasororen kasua. Beste idazle batzuk, Ozaetak dioenez, "obren arteko literatura isiltasun tarte handiak uzten dituzte [Rikardo Arregi], eta badago ikuspegi tradizionala lotu dutenak [Patziku Perurena]". Hortaz, lau idazle sekretu mota eta bakoitzetik adibide bana. Eta, urtero moduan, azken eguna –egubakoitza– etorkizuneko idazleei dago zuzenduta, hots, ikasleei.

Ekarpen handiagoa

Iban Zalduarentzat idazle ona izateko mediatikoa izatea ezinbesteko baldintza bada ere, uste du idazle sekretuek euskal literaturari "ekarpen handiagoa" egin diotela. Hau da, egungo idazlea "errezitaldi, irakurraldi, hitzaldi eta ikus-entzunezko saioetan" mugitzen den arren, oraindik ere intimitatean egindako lanak berebiziko pisua dauka euskal literaturan.

Unibertsitatean antolatzen diren jardunaldiak izanik, ikasleei begira antolatzen da Literatura Astea. Hala ere, ateak zabalik daude gura duenarentzat.

Egitaraua: Hitzaren lau maisu Huhezin

9, astelehena
18:30: Akelarretik etxerakoan
Hizlaria: Patziku Perurena (Goizueta, 1959)
12 urte zituenetik Leitzan bizi den idazlearen hitzaldiak bi atal nagusi izango ditu. Lehendabizi akelarre hitzaren jatorriaz mintzatuko da, eta gero euskarazko zenbaki eta kolore batzuen sinbologia izango du hizpide.

10, martitzena
11:30: Nik ez dakit nor den ni
Hizlaria: Rikardo Arregi (Gasteiz, 1958)
Poeta gasteiztarrak nia izango du aztergai, haren nia. Diskurtso horretan identitate anitza aldarrikatuko du Arregik. Bestalde, dagoeneko argitaratu dituen poemez gain, poema berri batzuk ere errezitatuko ditu.

11, eguaztena
18:30: Idazle sekretua naiz, diotenez
Hizlaria: Karlos Linazasoro (Tolosa, 1962)
Idazle tolosarra haren sekretutasunaz mintzatuko da, dioenez, "nire sekretutasuna zergatik den, eta beste idazleek zergatik uste duten naizela sekretu". Gainera, poetika ere izango du hizpide: zer idazten duen eta zergatik, zergatik jotzen duen laburtasunera... hamaika kontu. Azkenik, Linazasorok hainbat testu, poema, haiku eta aforismo irakurriko ditu.

12, eguena
11:30: Xabier Montoia eta haren taldearen musika emanaldia
Hizlaria: Xabier Montoia (Gasteiz, 1955)
Bakarka atera dituen diskoetako kantuak joko ditu egile bereziak. Tartean, Bingo izeneko poema-liburuan (2005) jaso zituen 1981 eta 2000 artean idatzitako aleak ere irakurriko ditu.

13, egubakoitza
Ikasleen eguna
15:00: Iluntasunetik argitara
Hizlariak: Garazi Agirre, Itziar Viana eta Aitor Barrenetxea
Huheziko hiru ikasle horiek errezitaldia egingo dute, urteroko ikasle egunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak