Helduen euskal dantzen eskolako taldea osatzeko lekua dago oraindik

Iker Barandiaran 2007ko ira. 18a, 10:41
Eskoriatzako Musika Eskolak azken urteotan helduei zuzendutako euskal dantzen eskolak antolatu ditu. Orain hastera doan ikasturtean hori egiten duten hirugarrena izango da.

Udalerrian, dantza egiteko ohitura aspalditik dator. Orain dela urte dezente ere, euskal dantzak ikasten ibiltzen ziren herrian heldu, gazte eta ume asko. Azkenean, ardura hori zuen taldea desagertu egin zen, baina hainbat herritarrek horren premia ikusi zuten.

Gerora, Musika Eskolan umeendako euskal dantzen eskolak ematen hasi ziren, eta horiek oso harrera ona izan dute hasieratik. Hain zuzen ere, Musika Eskolako zuzendari Araceli Telletxeak jakinarazitakoaren arabera, gaur egun 60 ikasletik gora dituzte dantza horiek ikasten.

Gurasoak, tentatuta

Halako baten, orain dela hiru bat urte, Musika Eskolako ikasle batzuen gurasoak, seme-alabak ikasten ikusita, tentatu eta euskal dantzen eskolak hartzeko ahalegina egin zuten. Taldea batu eta eskolako arduradunei horren gaineko eskaera egin zieten. 

Eskolan begi onez ikusi zuten asmoa, eta orain dela bi ikasturte, eskolak ematen hasi ziren. Hamar bat lagun ibili dira bi ikasturteotan, pilotaleku azpiko lokalean, astean behin entseatzen. Ikasle horietako batzuk aspaldi dantzan ibilitakoak dira, baina beste batzuk, hasi berriak. Oso gustura ibili dira, baina oraindik ez dute ikuskizunik egiteko asmorik. Horretarako itxaron egin beharko dugu.

Bi lagun faltan

Oraingo ikasturterako, orain arte, sei lagunek eman dute izena; eta kontua da gutxienez zortzi behar dituztela taldea osatzeko. Horregatik, dei egin dute jende gehiago anima dadin. Taldean, gehienez, hamar lagun hartuko dituzte.

Taldea osatuz gero, urrian  hasiko dituzte eskolak. Astean ordu bat egingo dute, pilotaleku azpiko lokalean.

Ainhoa Kortazar eskoriatzarra eta Ainara Kortabarria arrasatearra dira talde horren irakasleak. Hasiera maila irakatsiko dute, eta taldeko kideek maila hartuz gero, bestelako euskal dantzak ere irakatsiko lituzkete. Interesatuek jo dezatela Musika Eskolara lehenbailehen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak