Gurasoek seme-alabekin euskara egiteko, Bidelagun

Iker Barandiaran 2007ko urr. 4a, 20:33
Aurten ere Bidelagun ekimena antolatu dute gurasoei euskarazko oinarriak erakusteko. Udalak eta herriko lau ikastetxek hartu dute horren ardura, eta herriko Euskal Txokoan, Intxaurtxuetan bertan, izango dira eskolak.

Aurten egingo dutena orain arteko hirugarrena da. Udaleko Euskara Zerbitzuko Mari Carmen Arrietak azaldu digunez, lehenengo urtean esku hartu zutenek bigarrenean errepikatu egin zuten, eta hirugarren bat antolatzea eskatu zuten.



Ekimenaren helburua da gurasoek seme-alabekin euskaraz jolastea eta euskaraz egitea. Horretarako, iaztik hasita, bi ikastaro mota antolatzen dituzte: bata, euskararik ez dakitenendako; eta bestea, euskara dakitenek ikasitakoa hobetzeko aukera izan dezaten. 
Iaz hamaika guraso ibili ziren euskarazko oinarriak ikasten; eta beste zortzi ordurako zekiten euskara hobetzen.

Jolasak eta ipuinak
Euskara ez dakitenek urritik Aste Santura bitartean egingo dituzte eskolak. Astean bitan elkartuko dira eta ordu eta erdiko saioak izango dira.

Aukeran izango dira 14:30etik 16:00etara bitarteko edo 18:30etik 20:00etara bitarteko ordutegiak. Egunak, berriz, izena eman eta gero zehaztuko dituzte.
Landuko dituzten gaien artean honako hauek bereiztu dituzte: haurren jolasak, abestiak, ipuinak; agurrak, zenbakiak, ohiko esamoldeak; telebistako haur programen oinarrizko hiztegia eta pertsonaiak; eta urtaroak, aste egunak, hilabeteak, zenbakiak, koloreak eta beste.
Euskara dakiten eta hobetu gura duten gurasoek, berriz, azarotik abendura bitartean jasoko dituzte eskolak. Horien ikastaroak iraupen txikiagoa izango du, guraso horiek gainontzekoek baino premia txikiagoa dutelako.
Horiek astean bitan, ordu eta erdiko saioak egingo dituzte; eta honako gaiak izango dituzte aztergai: euskaraz egiterakoan ohiko akatsak zuzentzea, ahozko jarduna hobetzea eta eskolako hiztegia, hain zuzen ere.

Urriaren 11, azkeneko eguna
Udalak ikastetxeen bitartez bideratu du izena emateko aukera. Hala ere, beste norbaitek izena emateko interesa badu ere Udaleko Euskara Zerbitzura edo Euskal Txokora jo dezake.
Aste Santura bitarteko ikastaroaren matrikula 62 eurokoa da (materiala barne); eta azarotik abendura bitartekoa, berriz, 20 eurokoa, hori ere materialarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak