Garabidek eta Eskoriatzako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko uzt. 10a, 21:31
Garabidek eta Eskoriatzako udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen aurkezpena eskoriatzako udalean egin dute eta han izan dira udaleko eta garabideko ordezkariez gain, Ekuadorreko Gobernuko ordezkariak ere. Izan ere, Garabidek hego ameriketako herri indigenetan egiten du lan, horien hizkuntza eta kultura berreskuratzeko asmotan.

Eskoriatzako Udalean egin dute hitzarmenaren aurkezpena gaur eguerdian. Garabidek eta Eskoriatzako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Helburua, bi aldeen arteko elkarlana sendotzea da. Udalak konpromisoa hartu du Garabidek antolaturiko ekintzei babesa emateko; eta, baita ekintzen jarraipena egiteko ere. Bestalde, Garabide elkarteak hainbat ekintza Eskoriatzako herrian antolatzeko konpromisoa hartu du; modu horretan, herriko kultur eskaintza aberastuz. Horretarako, Udalak lokal berri bat utziko dio Garabideri, elkarteak dituen beharrak aurrera eraman ditzan.

 

Hizkuntza eta kultura

Garabidek euskal kooperazio identitario, kultural eta linguistikoa aurrera eraman nahian egiten du lan. Orain arte Euskal Herritik hegoaldeko herrietara eginiko kooperazioa norabide bakarrekoa izan da. Garabideren galdera izan da: zein esperientzia ditugu Euskal Herrian gertutik ezagun? Euskararen garatzea eta suspertzea dira, adibidez galdera horren erantzuna. Hemen hainbat erakunde eta ekimen ditugu, eta Garabidek hori guztia nazioartera proiektatu gura du.

Herri indigenak

Garabidek Hego Ameriketako herri indigenekin egiten du lan. Orain, adibidez, Ekuadorren telebista Kichwa sortzeko lanetan dabiltza. Hango egoera politiko berria ezagututa, indigenek euren nortasuna garatzeko politikak diseinatzeko aukerak dituzte orain. Baina, euren estrategiak gauzatzeko erreferentzia falta dute. Hala, Lourdes Tiban Ekuadorreko herri indigenen garapenerako zuzendari nagusia izan da egun hauetan gurean hemengo errealitatea ezagutzen. Argi dauka zein den bere betebeharra.

Kichwa, baztertutako hizkuntza

Ekuadorren kichwa hizkuntzak bizi duen egoera benetan larria dela esan du. Kichwa berba egiten duen pertsona, pertsona lelotzat daukate, gaztelera ikasteko gauza ez den pertsona dela uste dute. Horregatik, harrituta geratu da Euskal Herrian dugun egoeraz. Euskaldunen autoestimu altua azpimarratu du Tibanek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak