Flandeseko bi ordezkari, HUHEZIko Fakultatean.

Txomin Madina Milikua 2007ko urr. 26a, 20:27

Limburg-eko Unibertsitate Katolikotik datoz, eta Eskoriatzan dauden euren lau ikasle nola dauden ikustera eta fakultatea bertatik bertara ezagutzera etorri dira.

HUHEZI fakultatea eta Flandesen dagoen Limburgeko Unibertsitate Katolikoaren arteko harremanaren ondorioz, aurten Belgikako 4 ikasle etorri dira eskoriatzara Irakasle Ikasketetako azken kurtsoa egitera. Fakultatea ezagutu eta euren ikasleak ikusteko Anita Boesmans, unibertsitate hartako Erasmus koordinatzailea, eta Rudi Boelen, nazioarteko harremanen koordinatzailea gure artean daude egunotan.

Ikasleak gustura aurkitu dituzte gure artean. Azken kurtsoko ikasleak izanik gainera, Eskoriatzako eskola baten praktikak egiteko aukera  dute, eta esperientzia aberasgarri izango dela adierazi dute.

Aurten ez da inor joan HUHEZItik Belgikara, eta datorren urtera begira gauzak aldatzeko, euren unibertsitateak eskaintzen duen Esperientziara Bideratutako Udaberriko Ikastaroa aurkeztu dute. 3 hilabete irauten ditu denera ikastaroak, eta esperientzia eta kulturartekotasuna dira zutabe nagusiak.

Esan bezala, Flandestik etorri dira, Belgika osatzen duten hiru eskualdeetako batetik. Belgikan gainera, hiru hizkuntza komunitate daude: Flandes, non nederlandera egiten den, Walonia, frantses eleduna dena eta alemanieraz egiten den beste gune bat ere bai. Bruselas, aldiz, elebiduna da, frantses eta nederlanderaz hitz egiten da han. Euren hitzetan, kultura eta nortasun ugari izan arren, arazo handi barik elkarbizitzea lortu dute Belgikako estatu eredu federalaren barruan.

Duela mende bat nederlandera egoera kaskarrean bazegoen ere, egun Flandesko eskualdean hizkuntza nagusiena da, gizarteko esparru guztietan gainera. Hainbat arrazoi aipatu dituzte horretarako: Belgikako Konstituzioak Flandesko hizkuntza ofizialtzat du, eta hezkuntza ministro bana dago Waloniarako eta Flandeserako. Euren esanetan, horrek arriskutik kanpo laga du nederlandera.

Aipatu dute dena den, Flandesko hizkuntza eredua lagungarri den arren,  euskararen egoerarekin ezin dela guztiz alderatu, izan ere, euren eskualdea elebakarra den bitartean, Euskal Herria elebiduna da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak